Zientzia eta euskara uztartzeko ikastaroa

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 6a, 11:00

UEUaren barruan antolatu dute Dibulgazioan hasten eta hazten; Josu Lopez-Gazpio kimikari tolosarra, tartean da.

Zientziaren dibulgazioa ardatz duen ikastaroa egingo dute Udako Euskal Unibertsitatearen barruan uztailaren 9 eta 10ean, Eibarko Markeskoa jauregian. Gaur da izena emateko azken eguna. Tolosako Josu Lopez-Gazpio, Uxune Martinez eta Koldo Garcia dira antolatzaileak eta baita irakasleak ere.

Dibulgazioan hasten eta hazten ikastaroaren helburua dibulgazioan hasi nahi dutenei zein horretan sakondu nahi dutenei lanabesak zein laguntza ematea da, eta baita zientziaren komunikaziorako estrategiak lantzea eta esperientziak partekatzea ere. Era berean, ikertzaile eta zientziazale euskaldunen arteko sarea trinkotu nahi dute eta euskarazko dibulgazioan ari direnen topagunea sortu.

Zientziaren dibulgazioari buruzko tailerrak egin izan dituzte, eta ikastaro honekin beste pauso bat eman nahi izan dute. Izan ere, zientzia gizarteratzeko beharra eta garrantzia argia bada ere, ez dago horren argi hori nola egin behar den. Ikastaro praktikoaren bidez zientzia hedatzeko interesa duen orori, bai hasiberriei eta baita beteranoei ere, laguntza, iradokizunak eta lanabesak eskaini nahi dizkiete, adibide praktikoekin eta ariketekin. Horiek horrela, zientziaren dibulgazioa bera zer den aztertuko dute eta idatzizko zein ikus-entzunezko dibulgazioa nola egin behar ote den ikusi, hau da, dibulgazio hitzaldiak nola planteatu behar diren aztertuko dute.

Irakasleak
Irakasleek eskarmentua dute eta horien artean dago Josu Lopez-Gazpio kimikari tolosarra eta Ataria, Zientzia Kaiera eta Ekosferako kolaboratzailea. Lopez-Gazpio Kimikan doktorea da, zientziazalea, UEUko kimika sailburua eta zientzia dibulgatzailea. Uxune Martinez Euskampus Fundazioko Zabalkunde zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaierako editorea, eta Koldo Garcia Etxebarria Genetikan doktorea da, ikertzailea, zientziazalea eta UEUko kidea.

Dibulgazioan hasten eta hazten-en parte hartzeko gaur da izena emateko azken eguna eta 10 orduko ikastaroa da; uztailaren 9 eta 10ean izango da 09:00etatik 14:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!