Eduardo Mocoroa Musika Eskola, etorkizunera begira

Joxemi Saizar 2018ko uzt. 4a, 21:17

Amaia Lizaso Eduardo Mocoroa Musika Eskolako zuzendariak ikastetxearen egungo jardunaz eta aurrera begirako erronkez hitz egin du, hainbat eskaera ere luzatu diozkio udalari.

Eduardo Mokoroaren 150. urteurreneko ekitaldien barruan, izen bera daraman Tolosako udal musika eskolak logotipo berria aukeratu du duela gutxi eta hurrengo erronka bere eskaintza berritzea eta garai berrietara egokitzea izango du.

Dirudienez, Tolosako udal musika eskola 1883an sortu zen, baina 1846tik udalak ordaintzen zituen musika ikasketak baziren, beraz ibilbide luzea dauka herriari musikariak ematen. Historia horretan zehar, Felipe Gorriti eta Eduardo Mokoroa musikari ezagunak izan dira, besteak beste, bertako irakasle eta zuzendari. Azken honen izena darama gaur egun eskolak. Ikasleei musika oinarriak erakutsi eta soinu tresnetan trebatzea da bere eginkizun nagusia. Helburu hori ederki betetzen duela esan daiteke, berak hornitzen baititu herriko musika talde nagusienak: Musika Banda, Udal Txistulari Banda, Arimaz orkestra, Santa Maria parrokiako orkestra, txarangak eta beste hainbat talde.

Mende luze horretan zehar egoitza eta egoera desberdinak ezagutu ditu musika eskolak. Hasierako urteetan ikasle kopuru txikiak bazituen, azken hamarkadetan ehunka ikasle ditu eta instrumentu eskaintza ere asko zabaldu da. Urte luzetan San Juan kalean kokatu ondoren, hamarkada batzuk daramatza Rondilla kaleko Gorosabel egoitzan. 1982tik 1992ra kontserbatorio maila izatea lortu zuen, azterketak bertan eginez, Donostiara joan behar izan gabe. 1992an Eusko Jaurlaritzak legedia aldatu zuenetik Gipuzkoan Donostian, Errenterian eta Irunen bakarrik daude kontserbatorioak, Erdi Maila eskainiz, eta Euskadiko Goi Mailako zentro bakarra Musikene da, Donostian kokaturikoa. Gainontzeko musika ikastetxe publiko guztiak musika eskolak dira, beraz ez dute titulaziorik emateko ahalmenik.

Gaur egun Eduardo Mocoroa Musika Eskolak 22 irakasle eta 412 ikasle ditu. Ia instrumentu guztiak eskaintzen ditu: soka osoa biolina, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua, eta baxu elektrikoa ere duela gutxitik, haize metaleko guztiak tronpa, tronpeta, tronboia, bonbardino eta tuba, haize egurrean falta du fagota flauta, oboe, klarinete eta saxo, perkusioa, polifonikoak pianoa eta akordeoia eta herrikoiak dultzaina eta txistua. «Ez daukagu gitarra, txalaparta, alboka eta trikitirik. Jendea etortzen da galdetzen, baina sekula ez dugu izan. Behin planteatu zen gitarrako irakaslea ekartzea, baina ez zen atera azkenean», dio Amaia Lizaso eskolako zuzendariak.

Ikasle kopurua mantendu egin da azken urteotan eta irakasleen kontratu motak mugatzen du, denek ez baitute lan jardunaldi osoa. «Udalak erabakitzen du hori eta hasieratik ez da ia aldatu. Borrokatu egin beharko dugu ordu gehiago lortzeko, badelako kanpoan gelditzen den jendea, ezin matrikulaturik», adierazten du zuzendariak. Instrumentu eskaera aldatu egiten dela dio, baina haizezkoek arrakasta handia omen dute Inauterietan txarangetan jotzeko egokiak direlako.

Egoitza aldetik oso gustura aurkitzen dira Gorosabelen. Lehen pisuan sei gela handi daude, lau musika hizkuntza emateko, korurako bat eta ganbera taldeek entseatzeko beste bat. Bigarren pisuan perkusioa, dultzaina eta txistu gelak daude, hamabi kabina indibidual eta areto nagusia kontzertu eta taldeen entseguetarako.

Ikasketa programa lau ziklotan banatzen dute. Lehenengoan lau urteko haurrak jolasen bidez eta musika entzunez, marrazki, ipuin eta dantzak egiten hastapenak jasotzen dituzte. Bigarren zikloa zortzi urterekin hasten da normalean, instrumentua ikasten hasten dira, musika hizkuntza landuz eta taldeko aktibitate batekin korua hasieran eta instrumentu taldea gero. Ziklo honetara sartu daiteke lehenengoa egin gabe. Kasu horretan musika hizkuntzako ikasturte bat egin behar da aurretik. Hirugarren zikloa hamabi urterekin hasten da orokorrean eta instrumentua eta taldeaz gain, beste formazio teorikoa dute harmonia, historia. Laugarren zikloan taldeko aktibitatea bakarrik egiten da, «baina irakasleak gaitasuna duen eta jarraitzeko moduan dagoen ikaslea ikusten badu eta plaza libreak baldin baditu, klaseak ematen jarrai dezake». Lehen hiru zikloak launa urtekoak dira eta azkena, nahi adinekoa.

«Matrikulazioa asko jaisten da azken bi zikloetan, DBH edo unibertsitateko ikasketak ere gogortzen direlako eta hemengo ikasketek ere lan gehiago eskatzen dutelako. Azken zikloa oso ikasle gutxik egiten dute», adierazten du Amaia Lizasok. Gazteek gero eta jarduera aukera gehiago dituztela ere aipatzen du. Eta kiroletan gertatzen den bezala, adibidez, emaitzak ez direla berehala ikusten onartzen du, esfortzu luzeagoa eta jarraituagoa eskatuz jarduera honek.

Ikasle helduen kopurua ere handia da, eskolako ikasle guztien laurdenaren ingurukoa. «Batzuk ikasketak burutu eta lanean hasten direnean lehengoa gogoratzera eta berreskuratzera itzultzen dira eta beste batzuk zerotik hasten dira. Hemen ere Inauterietako txarangetan instrumenturen bat jotzea helburu dutenak asko izaten dira. 70 urte pasatxo dituzten instrumentu anitzeko talde bat badaukagu. Ondo pasatzen dute», eransten du. Fenomeno hau ez dela Tolosakoa bakarrik argitzen du, leku batzuetan rock edo bestelako taldeak osatuz.

Musikan gehiago sakondu nahi duenak Donostia, Errenteria edo Irungo kontserbatorioetara jo behar du, Erdi Maila ikastera 2. edo 3. zikloan sar daiteke , edo Donostiako Musikene zentrora, Goi Mailako ikasketak egitera. «Ikasle batek gaitasuna eta ikasteko gogoa duela ikusten badugu, gurasoekin hitz egin eta prestakuntza berezia adosten dugu, instrumentu klaseei eta teorikoei dedikazio handiagoa eskainiz ikastetxe horietara sar ahal izateko», dio zuzendariak. Zentro horietara iritsi diren ikasle batzuk badituzte. Sarrera froga egin behar da bietan eta Goi Mailara ere zuzenean joan daiteke, baina oso zaila omen da. Instrumentuez gain, arlo gehiago eskaintzen dituzte Musikenen: jazz, sinfonikoa, konposizioa, zuzendaritza… eta bertako instrumentuekin ere hasi nahi dute orain. Klaseak emateko titulazioa Musikenen bakarrik lor daiteke eta irakasle falta sumatzen hasi direla dio Lizasok.

Lehen esan bezala, musika eskola irudikatuko duen logotipoa aukeratu dute, oso polita dela dio zuzendariak, eta aurrera begirako erronkei heldu nahi diete: «Lehendabizi azterketa txiki bat egin nahi dugu, ikasketak eta funtzionamendua berritzeko asmotan, eta gero ikusiko dugu. Orain arte musika tradizionala eta klasikoa landu dugu gehienbat. Musika modernoko pintzelkada batzuk egin ditugu eta hori sendotu egin nahiko genuke». Udalari lanaldi murriztua duten irakasleen kontratua zabaltzea eskatuko lioke eta falta diren instrumentuak sartzea planteatzeko unea izan daitekeela uste du.

Bukatzeko, haur eta gazteak musika ikastera animatu nahi ditu musika eskolako zuzendariak: «Argi dago musika ikasteko diziplina eta praktika behar dela, bestela ez dela aurreratzen eta orduan aspertu eta utzi egiten dela. Nerabetasunaren hasieran askok utzi nahi izaten dute instrumentua. Baina gogor egin eta jarraituz gero irtenbide polita da». Alde horretatik, Inauterietako txarangez gain, urtean zehar ikasle taldeek kalean eta hainbat tokitan zahar egoitzak, topaketak, trukaketak eskaintzen dituzten emanaldiak aipatu ditu Lizasok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!