«Banketxerik indartsuenek eskua sartua dute kripto txanponen munduan»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 4a, 07:59

Egungo sistema ekonomikoaren alternatibatzat ditu kripto txanponak, Jairo Zalduak; Bitcoina: jada eskuartean dugun etorkizuneko dirua hitzaldia eskainiko du, gaur, kultur etxean.

Bere egunerokoa aldatu nahiak eta jakin-minak ireki zion, Jairo Zaldua oriotarrari, kripto txanponen munduko atea. Ezinbestekotzat du, ulertzea dirua «zorra» dela: «Banketxeak inprimatu eta inprimatu ari dira eta, ondorioz, dirua etengabe balioa galtzen ari da». Urtebetez informazioz jantzi eta gero, herriz herri bitcoinei buruzko doako hitzaldiak eskaintzen hasi dira orain, eta Tolosan izango dira, gaur, 19:00etan, kultur etxean.

Zer dira kripto txanponak?

Interneten sortzen ari den sistema ekonomiko bat da, nolabait, orain artekoa aldatzeko.

Nortzuk erabiltzen dituzte?

Gizartean sartzen ari dira pixkana. Lehen kripto txanpona, Bitcoin izenekoa, 2009an sortu zen, eta hasieran inork ez zuen ezagutzen. Ordenagailu batekin sortzen ziren, eta garai hartan ez zuten baliorik; jendeak probak egiteko minatzen zituen kripto txanponak. 2010ean, lehen erosketa egin zuten kripto txanponekin: bi pizza erosi zituzten 10.000 bitcoinen truke. Gaur egun, bitcoin bakoitzak 5.000 edo 6.000 euro balio du, pentsa! Jendea bitcoinak erabiltzen hasi zen, eta balioa hartzen joan dira. Eskaera eta eskaria da, azken finean: zenbat eta jende gehiagok erabili, orduan eta balio handiagoa du. Oraindik, bitcoinen prezioa egonkortu gabe dago, eta jendea hori baliatzen ari da inbertsioak egiteko.

Txanpon birtual hori, nola bilakatu da fenomeno?

Esku-dirua atzean geratzen ari da, eta txartelarekin joaten gara edozein tokitara. Hori diru digitala da, eta bitcoinak ere antzeko zerbait dira. Ordea, bankuek ezerezetik sortzen dute dirua, eta kripto txanponak ezin dira ezerezetik sortu; deszentralizatuak dira, ez ditu inork kontrolatzen eta ezin da inflazio bat sortu eta mugatuta dago. Abantaila asko ditu, egia esan.

Zein desberdintasun dago bitcoinen eta kripto txanponen artean?

Bitcoina lehenengo kripto txanpona izan zen, eta gero iritsi ziren bestelako kripto txanponak. Oraindik ere, zalantzarik gabe, bitcoina da kripto txanpon indartsuena. Txanpon bakoitzaren atzean proiektu bat dago, eta bitcoinaren proiektuaren ardatzak, esaterako, aurrez aipaturiko horiek dira. Ordea, kripto txanpon bakoitzak bere egitasmoa du atzean. IOTA kripto txanponak, adibidez, gailu guztiei internet txertatu nahi die, eta gailu horiek zuzenean egin ahal izango dituzte erosketak, azkar esanda. IOTAk Volskwagenekin kontratuak sinatu ditu jada; konturatzerako, autoek internet izango dute eta, beharbada, gasolina edo udal zergak zuzenean ordainduko dituzte, auskalo.

Gizarteak ba al du informaziorik horri buruz?

Informazioa pixkana zabaltzen ari da, baina ezjakintasun handia dago. Niri ere gauza bera gertatu zitzaidan, duela hiru urte: ukitu ezin den diruaz ez nintzen fio. Baina jendeak konfiantza eman dio bitcoinari eta, azken finean, horrek ematen dio balioa. Zein da guk eskuetan erabiltzen ditugun billete horien balioa? Berez bi zentimo ingurukoa izango da, baina paperean 50 euro balio duela jartzen du, eta gure konfiantzak ematen dio balio hori. Bitcoinak diru arruntaren aldean dituen abantailak ezagututakoan, jendeak konfiantza ematen dio, eta horixe da nire helburua: jendeari zein aukera dituen erakustea. Aipatzekoa da, Gipuzkoako establezimendu batzuetan bitcoinetan ordain daitekeela jada.

Nondik hasi beharko luke, norbaitek, mundu horretan sartzeko?

Ezer jakin gabe, zerotik, mundu horretan sartzea ez da erraza. Youtubek eta Googlek denerako eskaintzen dute laguntza, baina bitcoinei buruz zerbait dakien jendeari laguntza eskatzea egokiagoa da. Hitzaldiaren amaieran ere aipatuko dugu, prest gaudela jendeari laguntzeko, eta azalpen xehatuagoak emateko.

Eta, zu, nolatan hasi zinen?

Jakin-mina nuen eta, gainera, ikusten nuen jendea diru asko irabazten ari zela. Balioak gorabeherak izaten ditu, baina, azken urteotako joera orokorrari begiratuz gero, bitcoinen balioa igo eta igo ari da. Egunero 10 orduz lanean aritzen nintzen, soldata arrunt bat irabazteko eta, ikusten nuen, nire bizitza horixe izango zela, 40 urtez. Eta, gero, ikusten nuen jendea bitcoinak erosten ari zela, eta urtebetean, adibidez, etxebizitza bat erosten zutela. Nire artean pentsatzen nuen: «Nora begira nago ni?».

Egungo ekonomian eragiten ari da bitcoina. Etorkizunean ere garrantzia izango al du?

Gakoa jendeak bitcoinaren funtzionamendua eta abantailak ezagutzea da. Aurrezkiak izanez gero, zergatik da hobea bitcoinetan jasotzea, eurotan edo dolarretan jasotzea baino? Finean, bitcoina urrearen pareko zerbait delako. Gainera, egunerokotasunean azkarrago lan egiteko aukera eskaintzen dute kripto txanponek. Ni naiz nire diruaren jabe, eta nik erabakitzen dut zer egin nire diruarekin. Norbaiti dirua bidali nahi baldin badiot, izan euro bat edo izan 100 milioi euro, inoren onespenik gabe, nire gakoarekin, edonori bidal diezaioket dirua, internet bidez. Zirkulazioa librea da eta, minutu gutxian, dirua bidal dezaket Tailandiara, Australiara edo Txilera.

Arriskurik ikusten al diozu?

Arriskuak ezjakintasunak ekar ditzake. Interneten hackerrak daude, eta gauzak ezin dira edozein modutan egin. Kontuz ibili beharra dago, eta emandako pauso bakoitza zer den jakin, hackerrak akatsen zain egoten baitira. Gainera, balioa egonkortu gabe dagoenez, jende askok ezjakintasunez egiten ditu inbertsioak eta, bitartean, atzean inbertsore asko daude, ezegonkortasun horretatik dirua irabazten. Bitcoinaren balioa 1.000 dolarretik 20.000 dolarrera igotzen baldin bada, ez da erosteko momentua; saltzekoa, baizik. Ezjakintasunez momentu horretan erosi duenak, ikusten du guztia burbuila bat dela, eta orduan hasten da bitcoinak saltzen, merke; inbertsoreek erosten dizkiete, eta berriro balioa igo egiten da.

Zein da, orduan, zure gomendioa?

Kripto txanponen munduaz zerbait badakienak, erosi eta gorde egiten du, epe ertain edo luzera begira irabaziak eskaintzen dituelako.Gaur egun guztia momentuan nahi dugu, baina, bitcoin bat erosi eta itxaron hamabost urte, ea zer gertatzen den.

Horretan guztian, zein paper hartzen ari dira banketxeak?

Bitcoina, nolabait, bankuen sistemari aurre egiteko modu bat da. Nork du gustuko gaur egungo bankuen sistema? Orain, norbaitek banketxera jo eta bitcoinak erosi nahi dituela esanez gero, banketxean ezezko biribila emango diote; arriskutsua dela. Sukurtsalean lan egiten duenak gomendio hori ematen duen bitartean, ordea, bere banketxea kripto txanponak erosten ari da. Lehenengo beraiek sartu nahi dute mundu horretan, gero, herritarrak sartzen direnerako, beraiek negozioa eginda izan dezaten. Albisteak ikusi besterik ez dago: BBVAk, Santander-ek nahiz AEBetako banketxerik indartsuenek eskua sartua dute kripto txanponen munduan. Betiko jarrera dute horretan ere: lotsagarria da nola mugiarazten gaituzten, eta nola pasatu behar dugun, bizitza osoa, esklaboak bezala lanean, bankuarentzat. Izan ere, oso oker gabiltza lana guretzat egiten dugula pentsatzen baldin badugu: bankuentzat ari gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!