Bedaioko errepidean lanak egingo dituela dio aldundiak

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 3a, 07:53

Bedaioko errepidean lerradura motela gertatzen den puntua, Zumizketa baserriaren azpialdean.

Errepideari buruz bilera egin berri dute bedaiotarrek, Tolosako Udalak eta aldundiak.

Orain gutxi bilera egin dute Bedaiora doan GI-3711 errepidearen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak eta bedaiotarrek. Auzotarrak kexu agertu ziren errepidearen egoerarengatik, eta sinadura bilketa jarri zuten abian. Bilera horretan aldundiaren ordezkariak azaldu zien errepideko arazo larriena Zumizketa baserriaren azpialdean dagoen errepide zatiaren hondoratzea konpontzeko lanak aurten hasiko dituztela, eta horretarako egindako proiektuaren aurrekontua onartuta dagoela.

Aldunditik Mikel Uribetxebarria izan zen bileran, Bide Azpiegiturak departamenduko Kudeaketa eta Plangintza zuzendaria. Tolosako Udaletik Olatz Peon alkatea eta Patxi Amantegi Landa Auzoetako zinegotzia izan ziren. Zumizketa baserriaren azpialdeko errepide zatian, 4,3 kilometroan dagoena, lerradura motela gertatzen ari dela azaldu dute aldunditik. Hau da, errepidea pixkanaka mugitzen eta hondoratzen doala. Hori konpontzeko lanak «aurten behintzat esleituko» direla esan dute, eta espero dute obrak urte amaieran hastea.

Dagoeneko obra egiteko behar diren pausoak ematen ari direla azaldu du aldundiak, besteak beste, lur eremu batzuk desjabetzea. Aldundiak azpimarratu du «herri eta auzo txikiak garrantzitsuak» direla eta Bedaioko errepidean egingo den esku hartzea «garrantzitsua» dela. Proiektuaren aurrekontua 636.000 euro ingurukoa da eta lanek lau hilabete iraungo dutela azaldu dute.

Obrari dagokionez, bi mikropilatedun pantaila jarriko dira, eta egun dagoen eskoileraren ordez beste bat egingo da, eremu horretako lurren lerradura gelditu eta egonkortuta geratzeko. Bestalde, egun puntu horretan errepidean dagoen koska leuntzeko ere esku hartze bat egingo da uztailean zehar,aldundiak azaldu bezala.

SINADURA EMAN DUTENEI ESKER ONA

Bedaiotarrek ondo ikusi dute aldundiak azaldutako proiektua eta orain lanak gauzatu daitezen espero dute. Bestalde, errepidearen arazo nagusienaren inguruko proiektuaren berri izan ondoren, beste arazoen berri eman zien aldundiko ordezkariei, 2011n osatu zuten txostena azalduz, eta horiek konpontzeaz gain mantenu lana egitea eskatu zuten.

Errepidearen «mantenu lan txiki» horiek «ondorio larriagoak ekiditeko» lanak direla adierazi dute auzotarrek: «Bidean zehar ageri diren zartadura desberdinen zigilatzea, babesak zuzentzea eta bidean zehar dauden baden edo sakonera txikiagoak berrasfaltatzea, gidatzea eta errepidean zehar ibiltzea seguruagoa izan dadin». Aldundiak azken puntu horiek jaso zituztela azaldu dute, baina horren inguruan zer egingo den ez zela zehaztu gaineratu dute. «Gure aldetik errepideko arazoen egoera ikuskatzen jarraituko dugu», gaineratu dute.

Horrez gain, bedaiotarrek sinadura bilketa nabarmendu dute: «100 biztanleko Bedaio auzoak 15 egunetan 1.000 sinaduren babesa lortu du». Bedaiotarrek esker ona adierazi die «sinadura bilketan izena eman eta laguntza eskaini duten jende guztiari».

Tolosako Udalaren aldetik, Amantegik azaldu du espero dutela lanak «aurreikusita dauden moduan» joatea, eta horrelako beste arazorik ez sortzea. «Azken boladan, euriaren eraginagatik, aurreko hainbat urtetan izan ez ditugun arazoak izaten ari gara».

Amantegik esan du, bi aldeak ulertzen dituztela, hau da, aldundia eta bizilagunak. «Administrazioa garen aldetik, badakigu nola izaten den funtzionamendua. Larritasunaren arabera proiektuen zerrenda egiten da, eta Gipuzkoak badu berea», azaldu du. «Gero baliteke zurea lehenengo egotea eta zerbait larria gertatzea bitartean. Orduan zurea erori daiteke». Bestalde, ikusten du «bizilagunei luze egiten zaiela eta data bat eskatzea lanak egiteko». Amantegik zehaztu du ez dutela zalantzan hartzen lanak egingo direla: «Administrazioan behin dirua esleitzen denean proiektu baterako, oso zaila izaten da atzera botatzea».

Errepidean dauden beste arazoei buruz bedaiotarrek dituzten kezken inguruan, Amantegik azaldu du «bilerak maiz egiten» dituztela, eta «zerrendatzen dizkigute dituzten arazoak. Gure ardura izango da ahal den gehienak konpondu daitezela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!