Irigoien sagardotegikoa, sagardorik onena

Mikel Iraola 2018ko uzt. 1a, 09:22

Zubietako Irigoien sagardotegiko Astiazaran familiaren sagardoak irabazi du Batasuna elkarteak 44. aldiz antolatu duen Tolosako Sagardo Txapelketa. 

Tolosako Berdura plazak 25 arkupe ditu, eta arkupe bakoitzeko sagardotegi bana izan ohi da Tolosako Sagardo Txapelketan. Aurten, 44. edizioan, 20 parte hartzaile izan dira, eta guztien artetik Zubietako Irigoien Sagardotegiaren Astiazaran sagardoak jaso du sagardo onenaren izendapena. 

Arratsaldeko 19:00etan hasi zen epaimahaia sagardoak dastatzen. Aurrez, sagardo bakoitzari batetik hogeira zenbaki bana eman, eta zozketa egiten dute, sekretupean. 20 sagardoak dastatu ondoren, 10 finalisten artean berriro ere zozketa egiten da, epaimahaiko kideek botila bakoitza zein sagardorena den jakin ez dezaten.

Finalisten artean puntuazio onena Astiazaran sagardoak jaso zuen, 130 puntu. Olatz Peon alkatean jantzi zion txapela Joxe Inaxio Astiazarani. Bigarren Urnietako Eula sagardotegiarena izan zen, 128 puntu eskuratuta. Hirugarren saria, berriz, Oiarbide sagardotegiarentzat izan zen, 126 puntu bildu eta gero.

Herritarrek ere gogoz hartzen dute txapelketa. Jende ugari bildu zen Berdura Plazan sagardoak dastatzeko. Ez hori bakarrik. Batasuna elkarteak prestatutako txorizo egosi eta bakailo pintxoak ere izan zituzten dastagai.

Tolosako 44. Sagardo Txapelketa. Datuak.

Parte hartzaileak: Mendiola, Herrero, Oiarbide, Goikoetxea, Eula, Sarasola, Aburuza, Petritegi, Barkaiztegi, Lizeaga, Altzueta, Gurutzeta, Begiristain, Isastegi, Irigoien, Gartziategi, Bereziartua, Eguzkitza, Andoain, Otsua-enea.

Sailkapena

  1. 1. Astiazaran 130 puntu
  2. 2. Eula 128 puntu
  3. 3. Oiarbide 126 puntu
  4. 4. Herrero 124 puntu
  5. 5. Gartziategi 124 puntu
  6. 6. Gurutzeta 123 puntu
  7. 7. Sarasola (Asteasu) 123 puntu
  8. 8. Petritegi 123 puntu
  9. 9. Lizeaga 122 puntu
  10. 10. Begiristain 121 puntu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!