Dena kabitzen da auzoko karpan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ekainaren 30a

Amarotz auzoa jaietan da, eta larunbat goizak egitarau oparoa eman die auzotarrei; jolasak, ajoarriero lehiaketa eta haurren dantza emanaldia izan dira.

Ohitura onenak ez galtzea gomendio unibertsala izan ohi da, eta Amarotz auzoko bizilagunek zintzo jarraitzen diote baieztapen horri. Uztaileko lehen asteburuarekin batera, festa eta zapi horiak zabaldu dira auzoan, eta larunbat goizak bere-bereak dituenak hartu ditu, beste behin, Amarotzen.

Haurrek gozatua hartu dute, norbere gustu eta adinari egokitutako jolasetan: puzgarriak, buruhandiak nahiz bideo-jokoak izan dituzte eskuragarri. Aldi berean, sukaldean trebe direnek ere izan dute, beren dohainak jendaurrean erakusteko aukera: ajoarriero onena nork prestatu erabaki beharko du epaimahaia eta, irabazi edo galdu, guztiek elkarrekin bazkalduko dute, aitzakia horrekin.

Amarozko karpan, ordea, dena kabitzen da, eta sukaldariengandik zentimetro gutxira, gimnastika erritmikoko erakustaldia eskaini dute auzoko haur eta gaztetxoek. Jaien erdialdera iritsi da Amarotz, baina asko dute, oraindik, dastatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!