Tolosa Kantari: hamarkada, eztarriak, belarriak eta kaleak gozatuz

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 29a, 13:13

Tolosa Kantarik hamar urte bete ditu, eta hitzordu berezia izango dute, bihar; kantu jira bazkariarekin biribilduko dute

Zorte handiko kantu jira gara». Hala azaldu du Irati Hartsuaga Tolosa Kantariko kideak. Hamarkada bete dute, jada, hilabete azken larunbatero, eztarriak gozatu eta Tolosa kantuz josiz, eta ongien egiten dakitenarekin ospatuko dute urteurrena: kantuan.

Ohiko kantu jira egingo dute, beraz, bihar, 12:00etan, Tontokaletik hasita. Ospakizun kutsua, berriz, bazkalorduak erantsiko dio ekaineko azken larunbatari; Jesuitinetako patioan elkartuko dira otordua egiteko, eta bazkalondoa ere kantuz jantziko dute, ahotsak nekatzen zaizkien arte.

2008an, bideari «estropezuka» ekin ziotela azaldu du Hartsuagak: «Lehen bizpahiru urteetan, ez genekien oso ondo nondik jo, ez geneukan zuzendari zehatzik, eta ez zegoen errepertorioa erabakitzeko ardura zuen norbait». Gero, ordea, Evaristo Elduaienek hartu zuen Tolosa Kantari gidatzeko ardura, eta Arantxa Yuguerosek, ondoren, Elduaienen lekukoa.

Horrela, «ekimena bere bidea markatzen» joan dela dio Irati Hartsuagak, «parte hartzen duen jendearekin batera».

Musikari harrobiari eskerrak

Tolosa Kantari hileko azken larunbatetan kalea kantuz betetzen hasi zenean, hilero-hilero, musikari laguntzaileak aldatzeko saiakera egin zuten: «Ordea, ez da erraza, hilero 20 kantu ikasi eta prestatzeko hainbeste musikari izatea».

Horrela, hiruzpalau akordeoi jotzailek konpromisoa hartu, eta haiek jartzen diete, oinarria, parte hartzaileen kantuei. Horrez gain, hilean bitan egiten dituzten entseguek ere kaleko emaitzari eragiten diotela uste du Hartsuagak: «Azken finean, bada kantuak prestatzen dituen talde finko bat, eta uste dut hori kantu jiran nabaritzen dela».

Berotutako eztarriez eta hileroko akordeoi jotzaileez gain, Tolosa Kantarik hainbat musikari eta musika tresnaren laguntza jaso du azken hamar urteotan, eta taldeko kideek goraipatu egin nahi izan dute hori ere: «Zorte handia dugu, Tolosan eta inguruan hainbat esparrutako musikariak daudelako, eta horietako asko prest izaten direlako, hilero ez bada, noizean behin, gurekin kalejirak jotzeko. Gainera, beste zenbait herritako kantu jirekin alderatuta, osasun oso onez da Tolosakoa; leku askotan, zuzendaririk gabe, musikaririk gabe eta bozgorailu txiki batzuekin ateratzen dira kalera».

Ia konturatu gabe bete dituzte 10 urte, baina badirudi beste hainbeste betetzeko bidean direla, eta horixe ospatuko dute, bihar: «Sinplea da gure jarduna: kantatzeko elkartzen gara, eta kantatu egingo dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!