Onesima Rojo, 105 urte bizipozez beterik

Ataria 2018ko ekainaren 29a

Senideek bidalitako argazkiak

Onesima Rojo Losada tolosarra zendu da bart, 105 urte zituela. Gertukoek «azkenera arte izan duen bizipoza» nabarmendu dute.

1913. urtean jaio zen Onesima Rojo Losada, Zamorako Villarrín de Campos herrian. Gerora, Tolosara etorri zen, lanera, bertan bizi baitzen bere ahizpa Clotilde. Calparsororen alargunaren etxean izan zen lanean, eta ondoren Donostiara joan zen.

Rojo Zamorara itzuli zen, Andres Ferrerorekin ezkontzeko, eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Tolosara itzuli ziren guztiak, baita beren gurasoak ere. Eufrasio eta Raimundo, esaterako, San Blasko hilerrian lurperatu zituzten.

Inguruko pertsona helduenetako bat zen Onesima Rojo. Bi hilabete barru 106 urte betetzeko zituen. «Azken urteotan ilusio handiz ospatu dugu bere urtebetetze eguna. Azken egunera arte bizipozez beterik izan da, bizitzeko gogoz, umorez. Urte luzez bera alboan izateko zortea izan dugu, eta erakutsi digu posible dela bizitza luze bat pozik ematea», azaldu dute senideek. Berak utzitako alaitasunak, iraungo du, ziur.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!