Madrilek hurbilduko dituen presoen artean legoke Manu Azkarate

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 29a, 09:23

Alcala Meco espetxean hainbat egunkari jasotzea ukatu diotela salatu dute, berriki, preso tolosarraren senideek

Joan den asteazkenean plazaratu zen, albistea, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen ahotik: gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak beren jatorrizko herrietara hurbiltzen hasiko direla iragarri zuen. Horrela, beraz, Manu Azkarate preso tolosarra legoke, Espainiako gobernuak gerturatuko lituzkeen preso horien artean.

Azkaratek barize esofagikoak eta porta zaineko kabernoma ditu eta, azken urteotan, hainbat izan dira haren gaixotasun kronikoa tratatzeko modua salatu duten ahotsak.

Sanchezek Madrilgo Diputatuen Kongresuari babesa eskatu zion, espetxe politikak aldatze bidean, eta PPren kritikak jaso zituen. Besteak beste, «bidegabekeriatzat» jo zuen presidentearen proposamena.

Gobernuak ez du zehaztasun handiegirik eskaini oraindik, baina, iragarri dute, larriki gaixo dauden presoen nahiz 70 urtetik gorako presoen kasuak «banan-banan» aztertuko dituztela, hurbiltzeekin hasi aurretik. Hain justu, erreferentzia zuzena egin zion, horri, Fernando Grande-Marlaska barne ministroak: «Ez da lekualdatze kolektiborik izango, eta ezta gradu aldaketarik ere».

Espainiako gobernuak ez du eperik zehaztu presoen gaiari heltzeko, baina, «espetxe politika berrikustearen beharra» azpimarratu eta gero, Sanchezek argitu zuen, zein izango den kasuak aztertzen hasteko oinarria: espetxeetako tratamendu batzordeek egingo dituzte presoei buruzko txostenak.

Alcala Mecoko «zentsura» salatu dute

Alcala Mecoko espetxeko «zentsura» salatu dute, berriki, Manu Azkarateren senideek. Guillermo Martorell-ek Twitter sare sozialean azaldu duenez, joan den ekainaren 14an ohiko bisita egitera bertaratu, eta pakete bat eraman zioten presoari; tartean ziren TOLOSALDEKO ATARIAren paperezko hainbat ale.

Zorroa espetxera eraman eta presoari iristen zaionerako zenbait egun pasatzen direla jakitun ziren senideak, ekainaren 23an beste lagun bat bisita egitera bertaratu zen arte. Martorellek salatu duenez, lagunari egunkariak itzuli zizkioten atean, preso tolosarra bisitatzearen truke.

Manu Azkaratek berak azalpenak eskatu ditu espetxean, baina ez diote argudiorik eman. Guillermo Martorellen iritziz, berriz, «informazio eskubidea ukatzea da» hori: «Ez dirudi kontu larria, baina hala da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!