Azokaren behar berriak aztertuko ditu, Tolosan, ikerketa batek

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 27a, 17:25

Kontsumo modu berriei eta, ondorioz, saltzeko modu berriei erantzun nahi diete ekoizle nahiz erakundeek; hilabete hasieran ekin zioten hiru azoka plazak aztertzeari

Tolomendi Landa Garapen Elkartearekin eta azokako saltzaileekin adostuta, Tolosako Udalak martxan jarri du azokaren behar berriak aztertzeko ikerketa. Hilabete hasieran ekin zioten lanari, eta urrirako proposamen zehatzak mahai gaineratuko dituztela iragarri dute, prentsaurreko batean.
Nerea Letamendia merkataria, azoka eta turismo zinegotziak azaldu du, kontsumo ohituren aldaketak eta, ondorioz, ekoizleen saltzeko beharren aldaketak sustatu duela ikerketak: «Asko aldatu da erosteko modua, eta gero eta gehiago dira bezero profilak. Horretarako egin nahi izan dugu diagnosi bat, prest egon behar baitugu behar berriei erantzun azkar bat emateko».
Bide horretan, lau helburu nagusiri begira garatuko du, lana, Flow enpresak: etorkizuneko azokaren oinarriak ezartzea; azokaren irudia indartzea; eta, azkenik, azokaren antolaketa berrikustea, postuen kokapena eta eremuaren diseinua aztertuz. Hori guztia, Tolosako azokaren erreferentzialtasuna mantentzeko eta hobetzeko.
Hiri Ekonomiaren Plana da ikerketa hasi berriaren testuingurua, izan ere, Zerkausiko, Berdura plazako eta Euskal Herria plazako azokak aztertzearekin batera, haien ingurua ere behatuko dute adituek. Bide horretan, Nerea Letamendiak gogora ekarri nahi izan du, EHUko talde batek duela bi urte Tolosan egindako lana: «Berdura plaza eta Zerkausia aztertuta, azokak sortzen duen zeharkako gastua 3,5 milioi eurokoa da, batez ere, inguruko merkataritzan». Aipatzekoa da, gaur egun, Euskal Herria plazan 40 postu inguru jartzen dituztela, eta 70 ekoizle elkartzen direla, larunbatero, Zerkausian.
Ekaineko lehen asteburuetan lanean hasita, Celestino Martinezek azaldu du bezeroei jarraipena egin dietela, turisten azalean sartu direla, eta analisi urbanistiko bat ere egin dutela: «Etorkizuneko azokaren oinarriak zehaztea izango da gure lana, izan ere, desagertzear ziren azoka askok dituzte, gaur egun, kontsumitzaile berriak: bezero berriei produktua interesatzen zaie, baina, beharbada, saltzeko modua ez».
Modu horretan, lau hilabeteko ikerketan bildutako informazioarekin, Flow enpresako adituek proposamen zehatzak egingo dizkio Tolosako Udalari, azoka eraberritzeko. Datorren urri erdialdean, beraz, Tolosako Udalak azokako ikerketaren emaitzak, eta haren ekintza plana plazaratuko dituela iragarri du Nerea Letamendiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!