Ortzadarrez jantziko da Tolosa, LGTBIQ eskubideen alde

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ekainaren 28a

Iaz Antonio Lekuona kaleko eskilarekin egin bezala, aurten bizikletak aparkatzeko burdinak margotu dituzte ortzadarraren kolorez

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da, gaur, eta Tolosako Udalak jarduera bereziak prestatu ditu, ekainaren 28ari begira. Atzo egin zuten hitzorduak iragartzeko agerraldia, Olatz Peon alkateak eta Agurtza Zubero Berdintasun teknikariak. Biak ala biak bat etorri dira, azpimarratzerakoan, «LGTBIQ komunitatearen eskubideak aldarrikatzeko eguna» dela gaurkoa.

Tolosako Udalak «diskriminazioarekin bukatzeko duen konpromisoan» berretsiz, alkateak iragarri zuen hainbat jarduera prestatu dituztela gaurko efemeridearen bueltarako, baina urte osoan ere lanketa berari eusten diotela: «Ikastetxeekin Hezkidetza proiektua garatzen dugu, eta baita Beldur Barik ere». Horrekin batera, Tolosako Udaleko eskaera orri eta formularioetan sexua adierazteko aukera zabaldu zuen, duela zenbait hilabete; orain, emakumea, gizona edo bestelako genero/identitatea aukera daitezke.

Gaurko hitzorduei begira, batetik, Tolosako Udaleko osoko bilkuran Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en eskubideen nazioarteko eguna adierazpen instituzionala jorratuko dute gaitzat.

Halaber, bizikletak aparkatzeko burdinak ortzadarraren kolorez margotuko dituzte Emeterio Arresen, iaz Antonio Lekuona kaleko eskilaretan egin bezala. Sanjoanez geroztik Zerkausia koloretako argitan da gauez, eta udalak ortzadarraren bandera zintzilikatuko du udaletxeko balkoitik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!