Arte eszenikoen «maisuak» Amarozko antzerki astearen barruan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 27a, 10:05

Igandera bitarte antzerki munduan murgiltzeko aukera dago Amarotzen; hogei urte bete ditu auzoko festak aberasteko sortutako jaialdiak.

Duela hogei urte antolatu zuten lehen aldiz, Amarozko Antzerki Astea. Auzoko jaiak «aberasteko» sortu zutela dio Intujai Teatroko May Gorostiagak eta ordutik arte eszenikoetan maila gorenean dabiltzan artista asko pasa dira jaialditik. Aurten ere horrela izango da eta igandera bitarte punta-puntako hamaika «maisu» izango dira Amarotzen.

Hogeigarren urteurrena dela eta, abestia ere egin diote Antzerki Asteari. «Los Fraguel marrazkien bertsioa da. Elx (Valentzia, Herrialde Katalanak) herriko Poprockpompero musika taldeak egindako opari bat da. Taldeko German Iborra Ahoz Aho jaialdian egon zen eta han sortu zen ideia. Euskaraz abesteko lana hartu dute gainera, eta oso eskertzekoa da», esan du Gorostiagak.

Mota honetako jaialdiak desagertzen ari diren honetan Amarozko Antzerki Asteak hogei urte betetzera iristea oso berri pozgarria dela esan du Intujai Teatroko kideak. «Auzo txiki batean jaialdi handi batekin jarraitzeko aukera izan dugu. Amarozko jaiak aberasteko asmoz hasi ginen, bizilagun gazte batzuk elkartu ginen eta gure ikuskizunak eta gure lan hori mahai gainean jartzen hasi ginen. Gure asmoa ez zen jaialdi bat antolatzea, baina forma hartzen joan da», esan du.

Lehen urte horietan «nahiko amateurra» izan zen jaialdia, «antzerki munduko ezagunekin eta lagunekin hasi ginen, tailerrak eskaintzen...».

Auzoko jaiak aberasteko asmoz sortutako jaialdia Tolosako kultur agendan tokia egin du eta baita hemendik kanpora ere. «Lehen ez zegoen horren antzerki programazio aberatsa eta eskaintza erakargarria zen. Garai hartan denak antzerki tailerretan edo taldeetan eta abar ikasleak ginen eta horrelako zerbait antolatzea oso aberasgarria zen baita guretzat ere». Izan ere, antzerkia maite dute Intujai Teatroko kideek eta lehen taldearen izena ere horren isla zela gogoratu du Gorostiagak: «Antzerki Artisauak ginen, guk antzerkia artisautza bezala ulertzen dugulako; dena gure eskuekin egiten dugu, eszenografia, testuak... dena».

AUZOAREN GARAPENA

20 urte hauetan aldaketak eman dira jaialdian eta auzoaren garapena hor ikusi daitekeela dio: «Jaialdiko programazioaren errepasoa eginez gero, auzoko garapena ikusi daiteke. Duela 12 urte haurrentzat ikuskizun gehiago antolatzen genituen, ume asko jaio baitziren auzoan garai horretan. Atzera eginez gero, berriz, 16 urte edo atzera eginda, orduan gazte asko auzotik joan zirela ikusi daiteke, eta programazioetan nabari zen hori. Gaueko ekintza gutxiago programatu genituen eta arratsaldeko eta publiko familiarrari begirako gehiago. Auzoko errealitatea ikusten joan gara eta horren arabera moldatzen. Joan ziren gazte horietako asko bueltatzen dira antzerki astera, ume asko dago...».

Amarotzek badu auzo sentimendu hori eta hori ere asko baloratzen dute Intujai Teatroko kideek. «Auzo elkartera joan ginenean proposamena egiteko eskuzabalik jaso gintuzten. Auzoan beti egon dira kulturaren eta kirolaren alde, auzolana sustatzeko egiten dituzte ekintzak... Amarotz beti izan da erreferente bat zentzu horretan».

Azken urteetan talde handi samar bat dago antzerki astea antolatzen, hamar bat pertsona. «Egia da hiru bat gabiltzala murgilduago, baina laguntzeko jende gehiago dago atzean. Inguruko jende horren berotasun hori oso eskertzekoa da».

PROGRAMAZIOA

Amarozko Antzerki Astea astelehenean hasi zen eta igandera bitarteko egitaraua prestatu dute. Jaialdian zehar «maisu eta perla ugari» ikusteko aukera egongo da. Gaur bertan Aitzol Villahozek Askatu barrukoa eskainiko du. «Bizkaitarra da eta txotxongiloak egiten ditu, bederatzi urterekin edo hasi zen. Zikloian egon zen eta oso gustura egon ginen berarekin. Artista hutsa da». Gauean jaialdian jada ezaguna den Txikik hartuko du parte: «Ion Martinezek bakarrizketak eskaintzen ditu eta ez dira asko horrela ibiltzen direnak, batez ere, euskaraz. Txiki da horietako bat, ezagunetariko bat. Duela bi aste edo estreinatu zuen ikuskizun berria, 40 urte ta aldapan bera niek!, eta horixe eskainiko du Amarotzen».

Bihar Pello Añorga «maisuak» haurrentzat Monstruek ere pixa egiten dute ohean eskainiko du. «Pello Añorgak aurten Urrezko Kalabaza saria jaso zuen Ahoz Aho jaialdian. Duela hamar bat urte edo egon zen jaialdian eta aurten berriekin batera, maisu batzuk ekarri nahi genituenez Añorga gonbidatu dugu. Ipuinak eskainiko ditu; ez du gehiago behar, bere ahotsarekin nahikoa da beste planeta berri batera salto egiteko, maisu hutsa da, denok, ikasi dugu berarekin ipuinak kontatzen». Hori bukatuta aurtengo beste perla horietako bat egongo da. Pello Añorgak berak, eta Mago Diegok, Imanol Ituñok, Barbara Rivasek eta Coco Barrazak Pintxopoteatro eskainiko dute. «Ipuin kontsultategi bat muntatuko du Pellok. Kontsultategian ikusleak banaka sartuko dira eta pixka bat hitz egin eta gero ikusten duenaren arabera, ipuin bat oparituko die gerturatzen direnei. Kontsultategiaz gain, inguruko tabernetan-eta Mago Diego eta Imanol Ituño magoak egongo dira, Barbara Rivas txotxongilolaria eta Coco Barraza txotxongilolari argentinarra beste txotxongilo ikuskizun batekin. Originala eta magikoa da, oso ikuskizun berezia»

Ostiralen Amarozko jaiak hasiko dira eta bat eginez Funes Troup taldeak Aukerak eskainiko du ostiralean, eta Dikohtomiak Spazi...o igandean.

«Aukerak lan berria da eta taldea Amarotzen egona dago. Duela urte batzuk egon ziren eta jende asko gerturatu zen, arrakasta izugarria izan zuten. Azken ikuskizunak, Spazi...ok puntu poetikoa du, zirkuko ikuskizuna da. Ahozabalik geratzeko modukoa emanaldi batekin amaituko dugu Antzerki Astea».

EGITARAUA

Gaur, ekainak 27

Aitzol Villahoz. Askatu barrukoa, 17:30ean, Auzo Etxean. Familia osoarentzat, euskaraz.
Txiki. 40 urte eta aldapan bera niek!, 22:00etan, Auzo Etxean. Helduentzat eta euskaraz.

Bihar, ekainak 28

Pello Añorga. Monstruek ere pixa egiten dute ohean, 17:30ean. Auzo Etxean. Familia osoarentzat eta euskaraz.
Mago Diego, Imanol Ituño, Barbara Rivas, Pello Añorga eta Coco Barraza. Pintxopoteatro, 19:30ean, kalean. Euskaraz eta gaztelaniaz.

Etzi, ekainak 29

Funes Troup. Aukerak, 18:30ean, futbol zelaian. Familia osoarentzat eta mutua.

Uztailak 1, igandea

Dikothomia. Spazi---o, 13:00etan, Iruña taberna ondoan. Familia osoarentzat eta mutua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!