'Aquarius' ontziko lau migratzaile, Tolosan

Ataria 2018ko ekainaren 26a

Argazkia: Berria.eus

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Aquarius ontziko zortzi errefuxiatu iritsi dira bart Euskal Herrira; Gasteizen, Bilbon eta Tolosan daude.

Ekainaren 17an, 630 migratzaile lehorreratu ziren Valentzian (Herrialde Katalanak), Dattilo, Aquarius eta Orione ontzietan. Gutxienez haietako 75 Euskal Herrira etorriko zirela jakinarazi zuten erakundeek. Lehen zortziak dagoeneko Euskal Herrian dira.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak eman du berria, gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan. CEAR-Euskadiren laguntzaz, errefuxiatuak Bilbo, Gasteiz eta Tolosako harrera pisuetan hartu dituzte.

Zortzi migratzaileak osasunez ongi daudela jakinarazi du Erkorekak: «Prozesua diskrezio handiz egin da, Espainiako Gobernuarekin erabat koordinatuta. Harrera lasaia izan dute». Erkorekaren esanetan, «muturreko egoera larrietan dauden pertsona horiei laguntza emateko erabateko konpromisoa du Jaurlaritzak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!