Irene Caminos, Espainiako txapeldun

Mikel Iraola 2018ko eka. 27a, 08:40

Espainiako Trial txapelketa jokatu da asteburuan Azuqueca de Henares herrian (Guadalajara), eta urrezko domina eskuratu du Irene Caminos tolosarrak. Txapelketa irabazten duen bigarren aldia da.

Irene Caminosek 2015. urtean lortu zuen, lehen aldiz, Espainiako Txapelketa irabaztea, Cartagenan. Bada, hiru urteren ondoren, berriro ere urrezko domina jantzi du.

Ez edonola, gainera. Joan den urteko txapeldunaren aurka lehia estua izan zuen, emozio handikoa. Baina azken garaipena tolosarrarentzat izan zen. Sei puntuko aldea atera zion Alba Hidalgori.

Caminos ez zen ondo hasi: «Bero asko egiten zuen, eta zirkuitua zaila zen. Lehen txandan ez nintzen ondo aritu, baina nire aurkariak ere ez. Ondorengo bietan, aldiz, oso ondo aritu nintzen eta txapeldun izatea lortu dut. Oso pozik nago emaitzarekin», azaldu du Caminosek.

Hasi besterik ez da egin

Espainiako Txapelketan lortutako garaipena ospatzeko ez du ia denborarik izan Caminosek. Guadalajaratik zuzenean Gijonera joan da, bere entrenatzaileak campus moduko bat antolatu baitu, eta bertan da, goiz eta arratsalde gogor entrenatzen.

Izan ere, datozen asteotan lehiaketa erabakigarriak izango ditu Caminosek. Espainiako Kopako azken jardunaldia falta da, eta momentuz, lehen postuan da. Ondo bidean, eta azken orduko ezusterik ez bada, Kopa ere berea izango da.

Eta garaipen horiek izango dute merezitako saria. Izan ere, Espainiako Txapelketa eta Kopa irabazi ondoren, bera izango da Espainiako selekzioarekin lehiatuko den pilotua. Suitzara bidaiatu beharko du, Europako Txapelketa jokatzera, hiru aste barru. Munduko Kopa ere hastear da, eta azarora bitarte hilabetero jardunaldi bat jokatuko du. Munduko Txapelketarekin amaituko da denboraldia, Txinan, eta bertan egoteko esperantza du tolosarrak. Hasi besterik ez da egin, baita ondo hasi ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!