Tolosako Sanjoanak 2018

Tradizionaletan tradizionalena

Naiara Roldan de Aranguiz 2018ko eka. 24a, 13:59

Tradizionaletan tradizionalena, horrelakoa da Tolosako San Joan Eguna. Meza Nagusitik atera eta urtero bezala plaza txiki geratu da. Eskopetariak ugaritzen doazen heinean, dantzariak, erraldoiak, prozesioa mantendu eta ikusmina urteroko neurrietan neurtu ahal izan da. 

Tolosartasunez blaitzeko egunean, dena lerratu da, baita eguzkia ere. Lorentzok presente egon nahi izan du San Joanen omenez. 

Andre Maria parrokian meza nagusia amaitu aurretik ere, zirrikitu gutxi zen plazan. Ukondoak ukondoen kontra, edozein txoko zen aproposa eguneko irudietako bat, begi ninietan gordetzeko. Horrelakoak baitira Tolosako sanjoanak, tolosartasuna puri-purian azaleratzen duten horietakoa.

Elizkoiek euren momentua izan dute. Meza Nagusian Santa Maria Musika Kaperak parte hartu eta meza amaitu bezain pronto kalez kale prozesioari ekin diote.

Dantzazaleek eurena ere izan dute, Udaberri Dantza Taldeko dantzariak plazaratzerakoan. Euren magia txuri-gorriz jantzi da gaurkoan, ohiturari men eginez, bordondantzariek hankak airean dantzatzen ere baitakite.

Andre Mari elizaren gerizpean, Udabaltza, kofradiak, elkarteetako eskopetariak, erraldoiak... guztiak bat egin eta banan banan bakoitzak bere bideari ekin dio eta Tolosako Alde Zaharra koloreen sigi-saga bihurtu dute. Tiro hotsak ez dira falta izan kaleetan gora eta kaleetan behera. Izan ere, elkarteetako eskopetariek ordenantzetako salbak bota dituzte.

Eguneko hurrengo geltokia Euskal Herria plaza izan da. Berriro ere, eskopetari konpainiak plazan bildu eta azken deskargak bota dituzte. Udalbatza betiere euren lana gertatutik jarraituz, oraingoan Topic-eko balkoitik. 

Argazki galeria hau babesten du: 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!