Tolosako Sanjoanak 2018

Kaleak hartzeko eguna

Naiara Roldan de Aranguiz 2018ko eka. 24a, 10:35

Kaleak hartzeko eguna dute gaurkoa tolosarrek. San Joan eguna, tradizioetan tradizionalena. Eta horrela esnatu da beste behin, Tolosa: festa eta tradizio gosez. 

Musikariek, eskopetariek, konpainien pauso markatuak... esnatu dituzte herritarrak. Goizean goizetik kaleak erdi hutsik baziren ere, konpainia ezberdinen pasoarekin batera Tolosako bizilagunak pixkanaka-pixkanaka leiho eta balkoietara kuku eginez hasi dira. 

Soinu eta koloreek markatuko dute gaurko eguna. Txapel koloredunak, tiro hotsak, udalbatzaren solemnitate kolorea: beltza. Guztiak dira gaur protagonista Tolosako kaleetan.

Herria esnatzeko ardura Tolosako Musika Bandak izan du. Goizeko 08:30ean, diana soinuz hornitu dute. Tolosako eta Iruñeko Txistulari bandak beste horrenbeste egin dute 08:45ean hasita. Tolosako Dultzaineroak eta GiroArte dultzaina taldea ez dira atzean gelditu, 09:00etarako deia zuten haiek.

Euskal Herria plaza kolore biziek jantzi dute gaurkoan ere. Plaza bete eta konpainia bakoitzari, ohiturak agintzen duen eran, deskargak egiteko unea iritsi zaio. Behar bezala zerrendatuta, goizean goiz, trajeak behar bezala atonduta eta zuritasunak lehen eguzki izpiekin are zuriago ikusten ziren.

Euskal Herria plazatik, segizioa, lekualdatu eta desfileei ekin diete beste behin. Plaza Zaharra zen ondorengo kokalekua. Bertan bildu dira eskopetariak eta Tolosako Musika Banda. Diana, desfilea eta ondoren, San Joan Alardea, Gipuzkoako antzinako foru-milizien oroimenez, udalbatza buru dela. Alkatea, Olatz Peon, plazara jaitsi eta konpainia bakoitzeko kapitainen agurra jaso du. Tiro hotsek hartu dute plaza segidan.

Erraldoiak ere festarako prestatu eta poliki-poliki San Estebango euren etxea atzean utzi dute, festan murgiltzeko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!