Tolosako Sanjoanak 2018

Berdez esnatzen da ekainaren 24a

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ekainaren 24a

Egunsentiari aurrea hartuz ekin diote, bordondantzariek, San Joan egunari, lizarrak biltzeko; berdez eta pixkana esnatu da Tolosa. 

Lehen eguzki izpiak irten aurretik moztu behar izaten dira, lizar hostoak, San Joan egunez. Hala dio usadioak, bai, behintzat, urte osorako izpiritu txarrak ingurutik baztertu nahi dituen ororentzat. Eta, Tolosako sanjoanek asko dute usadiotik: beste behin, bordondantzariek goizaldean ekin diote egunari. 

05:30ak inguruan elkartu dira lehenengoak, eta zuhaixkak moztu eta kargatu dituzte ibilgailuetan. Guztia, Tolosako Alde Zaharrak ekainaren 24ko dotorezia har dezan: goiz eta arratsaldeko desfileko kaleak apaintzen dituzte lizar hostoz. 

Iratzargailuak goizegi jotzen dien dantzariei, aukeran, baina, bada beste egiarik ere: pribilegio txiki bat da, San Joan eguna hain goiz hasi, eta herri oso baten esnatzea ikustea, ipuin batean bezala. Eguzkia irteten da lehenengo, eta okin nahi egunkari banatzaileak, gero. Ondoren iristen dia ura eta xaboia, kalean fin-fin garbitzera, eta tantaka hasten da, San Joan eguna loratzen: bandako musikariak, instrumentua eskuan; udalbatzako kideak, udaletxeko arkupean kafea hartuz; eta eskopetariak, presaka batzuk, nahi baino aje handiagoarekin beste asko, parranda egunarekin pentsatzen. 

Berdez esnatu da ekainaren 24an eta, lokartzerako, ortzadarraren kolore guztiak hartuko ditu Tolosak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!