Tolosako Sanjoanak 2018

Eta poztu da herri guztia

Mikel Iraola 2018ko ekainaren 24a

Ikusi besterik ez daude suaren gainetik salto egiten dutenen aurpegiak. Eta, zer esanik, ez oholtza gainera igotzen direnenak, Udaberri Dantza Taldekoenak, esaterako. San Juan gauarekin batera, alai dago herri guztia.

Kanpai hotsekin eman ditu San Joan Martxaren lehen notak Tolosako Musika Bandak, eta horrekin batera piztu dute sua. Olaz Peon alkateak lizarra sutara bota ostean, Joseba Ormazabal, Jokin Azkue, Igor Ezenarro eta Patxi Amantegi zinegotziak izan dira gainetik salto egiten lehenak. Eta ondoren, dozenaka eta dozenaka herritar, emozioz beterik.

Sugarra itzali ostean, kantuen eta dantzen garaia iritsi da. Oholtza gainera igotzen lehenak Lizardi elkartekoak izan dira. Ondoren, Udaberri Dantza Taldeak ohiko dantzak eskaini ditu, eta txalo zaparrada jaso dute behin baino gehiagotan.

Amaitzeko, Santa Maria Kaperako kideek lau abeste eskaini dituzte: Agur jaunak, Txanton Piperri, Eduardo Mocoroaren Euskaldun txapeldun –Boinas Elosegiren urteurrenari erreferentzia eginez, txapelak jantzi dituzte abeslari guztiek– eta amaitzeko, nola ez, San Joan Zortzikoa, Javier Yarza eta Iñigo Goya bakarlari gisa aritu direla.

Iraun dezala, luzaroan, alaitasunak.

Argazki galeria honen babeslea:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!