Tolosako Sanjoanak 2018

Kirola nagusi San Joan bezperan

Mikel Iraola 2018ko ekainaren 23a

Zesta-punta erakustaldia, 3x3 txapelketa, Tenis txapelketa, zunba saioa... goiz osoan zehar kirol ezberdinak ikusteko eta egiteko aukera izan da, Tolosan.

Kirola nonahi izan da Tolosan, gaur goizean. Plaza Berrian, esaterako, zunba saioa egin dute goizetik, eta adin ezberdinetako dozena bat pertsona aritu dira, gorputza mugituz. Beotibar pilotalekuan, berriz, zesta punta erakustaldia egin dute, kirol modalitate hau gizarteratzeko helburuarekin.

Frontoiaren kanpoaldean, TAKEk antolatuta, haurren 3x3 txapelketa jokatu dute. 15 taldek hartu dute parte alebin mailan, eta Aitzol Etxeberriak, Oihan Fernandezek, Urko Zubeldiak eta Unax Gagok osatutako Mamba beltzak taldea izan da onena. Kobe Bryant saskibaloi jokalari ohiaren omenez jarri diote izena taldeari.

Lukas Gurrutxagak, Manex Zubeldiak eta Iker Goikoetxeak osatu duten Infernu txikiak taldea izan da txapeldunorde. 

Infantil mailan, berriz, 10 taldek hartu dute parte. Joan den urtean bezala, Beñat Etxeberria, Unax Reboredo, Iban Murua eta Manex Olasagastiren Euskal Warriorrak taldea izan da garaile, finalean Salamartes taldearen aurka 9-13 irabazi ostean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!