Tolosako Sanjoanak 2018

Justizia «matxista eta patriarkala» dela salatu dute, ehunka herritarrek

Mikel Iraola 2018ko ekainaren 23a

Tolosaldeko Asanblada Feministak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Tolosako Plaza Zaharrean, La Manadako kideak askatu dituztela-eta, sentitzen duten  «nazka, lotsa, ezintasuna eta izugarrizko amorrua» adierazteko. Ondoren, giro bikaina jarri du batukada feministak.

2016ko San Ferminetan gertatutakoa, «zalantzarik gabe, bortxaketa» izan zela aldarrikatu dute ehunka herritarrek gaurkoan ere. Jende ugari bildu da, eguerdian, Tolosako Plaza Zaharrean.

Gizartearen antzera, justizia ere «matxista eta patriarkala» dela salatu dute: «Argi dago ez dituela emakumeon askatasuna eta bizitza babesten. Epaituak izateko beldurra sartzen diguten bitartean, bortxatzaileei inpunitatea eskaintzen diete. Zergatik? Sinplea da, ahal dutelako», adierazi dute.

Instituzio, eragile eta norbanakoei ere konpromisoa eskatu diete, «guztia zeharkatzen duen akordio patriarkala hausteko. Ez dugu gure borroka diskurtso zigortzaileak indartzeko erabili nahi». 

Txalo zaparrada luze eta danborren burrunba ozen batekin eman diote amaiera elkarretaratzeari. Ondoren, kalejira egin dute batukada feministarekin, aldarria festa girora ere zabalduz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!