Tolosako Sanjoanak 2018

Iraolaneko zuloa oasi bihurtzen deneko une hori

Mikel Iraola 2018ko eka. 22a, 22:08

Udako solstizio kontzertua eskaini du Et Incarnatus orkestrak hainbat musikariren laguntzarekin. Urtero moduan, jendez bete da Urkizuko Iraolaneko zuloa.

Urkizuko Iraolaneko zuloak zulo izateari uzten dio, urtean behin, kultur oasi bihurtzeko. Badu berezitik, baita magikotik ere, Et Incarnatus orkestrak eskaintzen duen udako solstizio kontzertuak. Pago artean, leku ezin idilikoagoan, musika nota bakoitza erraietaraino heltzen baita.

Eta magia horrek bultzatuta, askorentzat ezinbesteko erromesaldi bihurtu da, sanjoanen atarian. Motxilak, kanpineko aulkiak, esterak eta –nola ez– merienda hartu eta Urkizun gora abiatzen dira dozenaka eta dozenaka lagun. Eta gaurkoan ere, 18. urtez, askok ez dute hitzordua galdu nahi izan.

Maddi Oihenarten ahots goxoak eman dio hasiera kontzertuari, jendartetik. Orkestrako biolin joleak ere handik eta hemendik ziren, sakabanatuta. Hor hasi dira harrotzen hauts magikoak, eta azken notara arte iraun dute. Elies Hernandis tronboi jole valentziarrak txundituta utzi du publikoa. Malentxo Zeberio eta Maitane Iruiñ gazteek ere abestu dute. Hori guztia, Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Eta kontzertuari amaiera emateko, beste gonbidatu berezi batzuk izan dituzte, saioari umore puntu bat ere ipiniz: Atila y Los Unos taldeko kideak. Ratas del río Oria abesti ezaguna jo dute elkarrekin. Arratoiren bat ere igo da, doinu magikoek erakarrita.

Urteko egunik luzeenak ere motz egiten dira, gaurko egunez, Iraolaneko zuloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!