Urte osoko lana, argitara

Ataria 2018ko ekainaren 22a

Ikasturte osoan zehar kultur etxeko ikastaroetan landu dutena ezagutzera emateko erakusketa zabaldu dute, Aranburu Jauregian. Uztailaren 6ra arte izango da ikusgai.

Ikasturtea itxi berri dute kultur etxeko ikastaroek. Guztira 410 pertsona aritu dira 10 ikastarotan banatuta. Gora egin du zifra honek aurten, %5 hain zuzen. Balleta izan da arrakasta gehien izan duen ikastaroa, erdia baino gehiago aritu baita dantzan. Pinturan 79 pertsona aritu dira, antzerkian 27, zeramikan 24, ehoziriak egiten ikasten 16, eskulan tailerrean 13, argazkigintzako hastapen eta praktika taldeetan hamarna, idazle ikastaroan beste hamar, eta dantza garaikideko ikastaroan zazpi.

Arrakastatsuak izan dira dantza eta antzerki tailerretako kurtso amaierako ikuskizunak, eta orain, gainerako tailerretako lanak herritarrei erakusteko asmoz erakusketa antolatu dute, Aranburu Jauregian.

Tailerrek ematen duten «gizarteratzeko aukera» azpimarratu du Nuria Carbonell kultur zinegotziak erakusketaren irekiera ekitaldian: «elkargune dira, lagunak egin eta ikasteko aukera ematen dute, eta are aberatsago dira, talde lanaren balioa gehitzen baitzaio. Ezinbestekoa da sorkuntzari bere lekua ematea eta horrelako ikastaroak babesten jarraituko dugu».

Erakusketa Aranburu Jauregian egongo da ikusgai uztailaren 6a arte, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!