Melodia bortitzak erakarritako tximeletak

Josu Artutxa 2018ko eka. 25a, 21:06
Etxahun Urkizu eta Ander Zubillaga tolosar musikariak.

Governors musika taldea, 2006an sortu zen, Arrasaten. Rock-metal musika estiloa jorratzen duen talde honek, oinarria Debagoienako herrian badu ere, taldeko kideak Gipuzkoako herri ezberdinetakoak dira, eta horietako bi, eskualdekoak. Hain zuzen ere, Ander Zubillaga Artano (Tolosa, 1990) eta Etxahun Urkizu Arsuaga (Tolosa, 1992). Zubillaga, taldeko gitarra jotzailea da eta iazko maiatza inguruan batu zen. Urkizuk, berriz, bateria jotzen du eta urte berriarekin batera sartu zen taldean.

Zubillagari, sare sozialen bitartez suertatu zitzaion Governors taldeko kide izateko aukera. «Taldearen Facebookeko orrialdean gitarra jotzaile bat behar zutela irakurri nuen. Ordura arte aritutakoetatik, finko bezala bat bera ere ez zen aritzen, eta taldekideek, taldekoa izango zen gitarra jotzaile bat nahi zuten, disko berria grabatu eta aurrerantzean arituko zena». Hortik aurrera, froga batzuk igaro ondoren, taldekide egin zuten tolosarra. Urkizuk aitortzen duenez, berriz, «bitxia bada ere, oraindik taldean ez nengoenean, banekien guzti hori, Anderrek kontatzen zizkidalako».

Beranduago, bere dei bat jaso zuen, bateria jotzeko pertsona bat behar zutela eta. «Pentsatu gabe, eta inori ez diodalako inoiz ezetz esaten, baiezkoa eman nuen».

Iazko udaran, Z.E.R.O. izeneko diskoa grabatu zuen Governorsek. Zikloari Ekin dio Rinophalpak Ohartzerako esaldia aintzat hartuta eman zioten izena lanari. Zubillagaren integrazio-faserako, garrantzi handiko puntua izan zen disko berria. «Maketako moldaketak, bakarkako zatiak eta gainerakoak jotzeko aukera eskaini zidaten». HatortxuRock jaialdiaren aurretik, kontzertu batean jo ahal izan zuen, eta ondoren, jaialdian bertan, agur moduko emanaldia eskaini zuten, eta abesti batzuetan ere parte hartu zuen.

Urkizurentzat laguntza handia izan zen lan berria argitaratzea. Izan ere, diskoa atera ondoren, lehengo bateria jotzaileak taldea utziko zuela ohartarazi zien gainontzeko taldekideei, eta beraz, birarako erritmoa markatuko zuen norbait behar zuten. Berehala, Zubillagak, gehienbat bateriarekin zailtasun handiena eman zezaketen kantuak jotzen ikasteko gomendatu zion Urkizuri. «Hasieran hiruzpalau kanta ikasi nituen, baina geroago, taldekideekin hitz egin zuenean, Anderrek zein kantu entseatu nitzakeen esan zidan».

Gerora, Urkizuk, Zubillagak burutu zuen prozesu bera jarraitu zuen: taldekideek eskatutako kantu horiek grabatu eta beraiei bidali. «Taldearen onarpena jaso ondoren, zuzeneko kontzertuetan joko zituzten abestien zerrenda hartu eta horiek ikasteari ekin nion, nahiko denbora tarte laburrean, gainera». Asteren batean kantu bat ikasten ez bazuen, lanak atzeratzen zitzaizkiola aitortzen du Urkizuk.

Gustuak eta lehentasunak

Nahiz eta orain rock alternatiboaren grinak elkartu dituen, biak, Zesuma erromeri taldean ere aritzen dira, eta duela urte batzuk sortu zuten Switch taldean ere aritzen dira. Metal gogorraren maitalea den Hilotz taldean ere aritzen da Urkizu; Zubillagak, berriz, nahiago ditu erritmo lasaiagoak, eta Blues Band edota Dixie Band moduko taldeetan aritzen da.

Zubillagak ezin du aspalditik biek duten harreman ona ukatu. «Musika munduan sartu ginenetik, Etxahunek eta nik ia bizi osoa daramagu elkarrekin jotzen». Hasieran, gainera, Urkizuk ez zuen bateria jotzen, eta Zubillagak eskatuta hasi zen. Ederki asko oroitzen da egin zizkion bi galderekin: «Zuk metala gustuko duzu?» Eta nik: «Bai». «Bateria jotzen badakizu, ezta?» Nik atzetik: «Beno... Gero, bateria jotzaile bat behar zutela eta, horrela hasi ginen elkarrekin Switch taldean».

Horrenbeste taldetan aritzen direla eta, musika zaletasunen inguruan galdetuta, egokiena, «nahien araberako lehentasunak markatze» dela dio Urkizuk. Zubillagak, berriz, ez du arazorik izaten edozein musika mota jotzeko, izan jazz, blues, pop edo rock. Badu, hala ere, bestelako modu bat musika hori aukeratzeko: «Ona izan dadila. Azken finean, musika niretzako bizitza da, eta jotzen dudan bitartean, ikasi eta gozatu egiten dut», aitortzen du gitarra jotzaileak.

Genero ugari gustukoak izateak, «edozertarako» lagundu dezakeela uste du Urkizuk. «Gero, lehentasunen arabera, zaila da guztia aurrera eramatea». Zubillaga ere bat dator iritzi horrekin, eta lau taldetan batera egon daitekeela onartzen duen arren, argi du, gainontzeko taldeek, une honetan, denbora eta lan gehien Governorsek eskatzen diola jakin behar dutela.

Ziklo berri bat

Governors bera, gainontzeko rock taldeetatik zerbaitetan bereizten bada, «xehetasun ugari dituen taldea» bezala deskribatzen du Urkizuk. «90. hamarkadako rocka, metal-core estiloa, besteak beste, eta guztiak, gainera, ezberdinak», gehitzen du. Zubillagaren kasuan, Governorsek «rock musika baino gehiago, rock-metal musika» jotzen duela adierazten du, eta jarraitzen du, «nahasketa ezberdinak egin arren, kantuei Governors filtroa pasatzen diegula esango nuke. Izan ere, gure kantu bat entzuten hastean, segituan konturatzen zara gurea dela, elementu ezberdinei esker».

Bi musikariak bat datoz, beraien abestiak, rock bortitzaren melodiazko geltokia direla aipatzean, eta beraien filosofia «oso ondo definitzen duen esaldia» dela diote. Taldearen abestiak entzutean, metala jotzen dutela pentsa dezake jende ugarik. Zubillagaren ustez, «beti dago muga bat, melodia bat, hori ezeztatzen duena». Metala inoiz entzun ez duen edonorentzako, talde egokia dela aitortzen dute. Urkizuk dioenez, «beti dago melodia epiko bat, nahiz eta zati gogorrak eduki, eta gitarra eta bateria egurrean aritu, abeslariak zerbait melodikoa abestu dezake».



Z.E.R.O. diskoa, 10 kantuz osatzen da, eta izen hori darama, ziklo berri baten hasiera markatzen duelako. Zikloari ekin dio Rinhophalpak Ohartzerako esaldiko siglekin osatutako izena da. Rynhophalpa tximeleta mota bat da, eta azalean, tximeleta mutante bat irudikatzen dute. «Ziklo berri bati ekin diogu, gauzak berritzea nahi genuelako», dio Zubillagak. «Taldean ere jende berria sartu da, gogo eta asmo berriak dituena, eta musikalki ere, disko honetan, bi aldeak ikus daitezke: abesti oso gogorrak eta baita balada modukoak ere». Urkizuk, dibertsitate hori abesti bakoitzean ere aurkitzen du: «Kantu beraren barruan, zati ezberdinak dituela iruditzen zait, eta hori oso gustuko dut».

Durangoko Azokan arrakasta handia izan zuen diskoak, eta Plateruenan eskaini zuten kontzertuan, aretoa ia guztiz betetzea lortu zuten. «Salmentak erritmo onean joan ziren», aipatzen du Zubillagak. Kontzertu gehiago ere eskaini dituzte, eta diskoa aurkezteko biran jaso duten erantzuna ere «oso ona» izan da, batez ere, hiriburuetan. «Orokorrean, jendeari asko gustatu zaio diskoa. Kontzertuen maratoiarekin amaitzen dugunean, kanta berriak sortzen eta moldaketak egiten hasiko garela iruditzen zait, nahiz eta aurrera begira, ez dugun disko berri bat ateratzeko asmorik». 

Kontzertuen maratoia, ordea, oraingoz ez da udarako aurreikusita dituzten emanaldietan islatzen. Beste talde askorekin alderatuta, nahiko hilabete lasaiak dituzte aurretik. «Oraindik ez dago guztia itxita, eta kontzertu gehiago iritsiko direla iruditzen zait», dio Zubillagak. Kilometroak kilometro, eta tarteko neke guztiak kontuan hartuta, taldean mantentzen duten giroa «oso ona» dela dio gitarra jotzaileak. Gainera, «bloke berarekin jarraitzea» da beraien asmoa. Urkizu, behintzat, uste zuena baino «gusturago» dago.

Bizi gogorra, azal gogorra

Inoiz ez da berandu musika talde bat sortu nahi izateko. Hala ere, nahi izatekotan, ikusten ez den lana handia dela jakin behar da. «Zuzeneko emanaldietako sua, argiak edota gainerako elementu teknikoak ere kontuan hartu beharko genituzke». Musikarien bizitza «oso gogorra eta nekeza» dela gogorarazten du Zubillagak. «Askotan esan izan digute beti parrandan gabiltzala», aipatzen du, eta Urkizuk nabarmentzen du, «baina inoiz ez parrandaz gozatzen». Horiei, askotan esan izan diete beraiekin egun oso bat igarotzera joan daitezela, musika talde batean aritzea benetan zer den jakiteko. «Kontzertu bat eskaini eta gero, etxera heltzerako oso berandu izaten da, eta esnatu bezain laster bazkaldu beharra, eta berriro beste herri batera joan beharra oso gogorra da» dio Urkizuk.

Bai batak zein besteak ez dakite zer den musikaz bizitzea, «oso zaila delako, ezinezkoa ez esateagatik». Beste diru-sarrera batzuk beharrezkoak direla diote, behintzat, Euskal Herrian. Urkizuk ez du ezagutzen jotzeaz bakarrik bizi den inor, eta bizi direnek musikarekin lotutako beste ofizioren bat dute. «Akelarrek aitortu zuen jotzeaz bakarrik bizi izan zirela epe batean, baina hor garaiak ere kontuan izan behar dira».

«Gaur egun, sakrifikatuago bizi gara», aitortzen du Zubillagak. «Benetan zuk nahi duzuna egin dezakezu, baina ez soilik musikari izanda». Berarentzako musika ez da afizio bat, baizik eta egin beharreko zerbait, behar duela iruditzen zaiolako. Lanbide bat beste batekin uztartzea dela gogorarazten dute. «Askotan esan izan da, gustuko baduzu ez dela lana kontsideratzen». «Niretzako, ordea, lana da, nahiz eta gustuko izan, eta badira gauza asko gustuko ez ditudanak, (05:00etan materiala deskargatzea), baina horiek ere egin beharrekoak dira».

Astean zehar ere, bere burua rockero bezala kontsideratzea nahiko lukeela aitortu zuen elkarrizketa batean Gorka Urbizuk. Zubillagaren iritziz, «Euskal Herrian ez daukagu kultura hori, pentsaezina da horrelako zerbait ikustea, hau da, asteko egun batean ere kontzertuetara joatea edo horiek eskaintzea». Larunbatean izanda ere, kontzertu batzuek arrakastarik ez dutela izaten aipatzen du Urkizuk. «Fenomeno moduko bat dagoela iruditzen zait, taldeagatik baino gehiago, kuadrillako lagunak doazelako joaten dela jendea, kontzertuari kasurik egin gabe egoten direlarik». Musikagatik joaten direnak oso gutxi izaten direla iruditzen zaio.

Bi musikarientzat orain arteko bidaia laburra izan bada ere, utzi dizkiete zenbait oroitzapen eder eta gogoangarri, baita anekdota polit bat ere. «Orain arteko bitxiena Bilboko Kafe Antzokian gertatutakoa izan zen», gogoratzen du Zubillagak. «Bertan kontzertua eskaini ondoren, jarraitzaile bat disko berriko azaleko irudiaren tatuajearekin agertu zitzaigun. Bitxia bezain ederra izan zen sorpresa hura». Ez dute uste biziko duten azken oparia izango denik. Bitartean, tximeleta berriak sortuko dira, rock doinu berriak sortuko diren bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!