Lau t’erdiko San Joan Txapelketaren finalak, igandean

Ataria 2018ko eka. 22a, 11:30

Tolosako Lau t’erdiko San Joan Txapelketaren finala igandean jokatuko da Beotibarren, 17:00etan hasita.

Hiru mailatan antolatu dute txapelketa, eta ekainaren 24an hiru finalak jokatuko dira. Sei pilotari horietatik bakarra da eskualdekoa, Xabi Zubiria berrobitarra.

Kadeteen mailan arabar bat eta nafar bat iritsi dira txapelaren lehiara: Larrazabal eta Igoa. Partida oso gogorra aurreikusten da; orekatua. Faborito garbirik gabeko finala izango da, nahiz eta Igoa jotzen duten batzuk faborito. Larrazabalek pilota indartsu astintzen du, ordea. Txapelaren lehia estua eta polita izan dela ematen du.

Jubeniletan Murua eta Julen Egiguren iritsi dira finalera. Kasu honetan faborito garbia Egiguren azpeitiarra da. Artista benetan, pilotaria eta asko jokatzen duena. Murua gauzak zail jartzen saiatuko da.

Nagusien mailan jokatuko du Xabi Zubiriak. Berrobitarra da eskualdeko ordezkari bakarra finaletan. Txapelketa izugarria egin ondoren iritsi da Zubiria finalera. Aurrean, ordea, Salaberria goizuetarra izango du; faboritoa. Pilotari oso arriskutsua da Salaberria eta Zubiriak ez du lan erraza izango. Hala eta guztiz ere, Eneko Labaka eta Ioritz Egiguren bezalako pilotariak kanporatu ondoren, berrobitarrak txapelarekin borobildu nahiko du Lau t’erdiko San Joan Txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!