136 tolosar bildu dira, bataz beste, Mugi Tolosako saio bakoitzean

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 21a, 16:03

Ibilaldietako parte hartzaileen gehiengoa emakumezkoa da, %66,85; laurdenak, berriz, 75 urte baino gehiago ditu.

Mugi Tolosak laugarren ikasturtea amaitu du. Urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa du ekimenak, kalera ibiltzera ateratzen diren adinekoen kopurua hazten ari baita. Aurtengoan 136 lagun bildu dira, bataz beste, saio bakoitzean; gehienezko egunean, berriz, 249.

Bi hitzordu izan dira asteazkenero, eta iraupen eta parte-hartzaileen gaitasuna kontutan hartuz, zortzi ibilbide ezberdin egiteko aukera izan dute: motzenak 543 metro ditu eta luzeenak, berriz, 7 kilometro.

Saio bakoitzaren antolaketa herriko elkarteek egin dute, udalarekin elkarlanean. Lan horretan aritu dira, esaterako, Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Osakidetza edo Nagusilan. Horrez gain, Tolosako ikastetxeetako ikasleak ere aritu dira.

Bide horretan, boluntarioek egindako lana azpimarratu du udalak: «Gazteak eta adinekoak elkar-batzeak, emaitza emozional bikainak eman dizkie batzuei zein besteei, urte honetan beste hainbat ekimenetan ere, Haurren Hiria tarteko, landu dugun belaunaldi-artekotasunaren erakusle, hau ere» nabarmendu du Olatz Peon alkateak.

Mugi Tolosaren helburua da bakarrik dagoen edonori, adinekoei eta bestelako ezintasuna duten pertsonei, esaterako, laguntzea besteekin batera ibiltzera atera eta erlazionatuz: «Komunitatea sortzen da. Gustu eta zaletasun bereko pertsonek bat egin dute, eta harremanak garatu. Udalaren lan-ildoa da belaunaldi ezberdinen arteko sormen ekintzetarako eta ekintzailetzarako guneak ahalbidetzea», azaldu du Peonek.

Hurrengo ikasturtea, bosgarrena, urriaren 3an hasiko da eta bide arrakastatsu beretik jarraitzea espero dute.

Akitaniatik bisita

Mugi Tolosa eta Ibarra Martxan ekimenen arteko I Olinpiadak baliatuz, bi herrietan gauzatzen diren osasun sustapen ekintza hauen berri izateko Tolosara bidaiatu zuen Akitaniako delegazio batek, joan den astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko kideen eskutik gauzatu zuten bisita. Olatz Peon, Tolosako alkateak, eta Ixiar Arratibel, Ibarrako alkateordeak, egin zieten harrera Tolosako Udaleko Areto Nagusian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!