Gogoan dituzte Tolosako Musika Bandako hastapenak, eta San Joan zortzikoa dozenaka aldiz errepikatu behar izanagatik, maite dute ekainaren 23tik 24rako zubia. Izarne Iglesias eta Mirari Martinek urteak daramatzate klarinetea joz eta, kaleko musikariena gizonezkoen plaza izan dela dioten arren, aldaketa baten atarian ikusten dituzte belaunaldi berriak.
Klarinete jotzaileak zarete biok. Zergatik aukeratu zenuten musika tresna hori?
Izarne Iglesias. Nik ondo gogoan dut [barreak]. Nik perkusioa ikasi nahi nuen, baina ez zidaten utzi, etxean perkusio jotzaile bat bazegoelako; beste zerbait aukeratzeko esan zidaten.
Mirari Martin. Musika tresnak aukeratu baino lehen, kontzertu txiki batzuk egiten dituzte musika eskolan, ikasleek instrumentuak ikus ditzaten. Gogoan dut klarinetea hasieratik gustatu zitzaidala eta, amak nik saxofoia jotzea nahi zuen arren, klarinetea aukeratu nuen.
Zein oroitzapen duzue bandan sartu zineten garaitik?
M. M.: Gu Corpus egunean hastekoak ginen. Euria egin zuenez bertan behera geratu zen eta, beraz, bandarekin San Joan suan jo genuen lehen aldiz. Gogoan dut oso-oso urduri nengoela. Orduz geroztik, ekainaren 23an gauero, oilo-ipurdiz jotzen dut zortzikoa; oroitzapen politak etortzen zaizkit, eta oso momentu hunkigarria da niretzat.
I.I.: Nik, berriz, Dianan jo nuen bandarekin, lehen aldiz, baina ez dut oroitzapenik, egia esan. Gogoan dut entseguetan baietz, oso urduri egoten nintzela hasieran; ez nuen akatsik egin nahi. Orain barre egiten dugu [barreak].
Nola bizi dituzue sanjoanak bandatik?
I.I.: Gure aitaren familian sanjoanak garrantzitsuak izan dira beti, eta ekainaren 23a eta 24a bizi egiten ditugu. Eta, bandako kideontzat, San Joan eguna gogorra da, baina gustura egiten dugun zerbait da.
M. M.: Bai, dianekin hasten gara eta, goizean goizetik, giroan sartzen gara.
I.I.: Eguna hasteko modu desberdin bat da, eta dianak zera esan nahi du: «Badator».
Jende askok ez du San Joan egunaren une hori ezagutzen.
M. M.: Ez, egia da. Gu Dianarekin hasten garenean, eskopetari konpainiak elkartzen hasten dira, eta jendea leihora ateratzen da. Gaupaseroren bat geratzen da kalean, baina, bestela, oso jende gutxi ibiltzen da.
I.I.: Herria esnatzen ikusten dugu.
Zenbat emakume aritzen zarete bandan?
M. M.: Oraindik ere, bandan gehiago dira gizonezkoak, batez ere, metalezko instrumentuetan. Emakume gehienok egurrezkoekin aritzen gara.
I.I.: Bai. Hiru flauta, hiru klarinete, lau saxofoi eta perkusio jotzaile bat gaude.
Zergatik izan daitekeela uste duzue?
I.I.: Ez dakit. Ezagutzen ditugu metalezko instrumentuak jotzen dituzten emakumeak. Egia da, ordea, ez dela ohikoena.
M. M.: Nire irudipena da, txikitatik, mutilak metalezko musika tresnak jotzera bideratzen dituztela, nolabait. Egia da, nik, klarinetearen ondoren, tronboia jarri nuela aukera moduan.
I.I.: Nik tronpeta.
M. M.: Eta, gure belaunaldian ere, emakume bakarrak jotzen zuen tronboia; gainerakoek, egurrezkoak, sokazkoak edo akordeoia edo pianoa aukeratu zituzten.
Bandak protagonismo berezia du sanjoanetan. Zer nolakoa iruditzen zaizue emakume musikariek festetan duten presentzia?
I.I.: Txikia.
M. M.: Bai, oso.
I.I.: Oso txikia. Txarangetan, normalean, mutilak aritzen dira.
M. M.: Orain arte, Kalean txarangan bi emakume zeuden, eta orain bakarra dago. Bonberenea txarangan, berriz, emakume gazte taldetxo bat hasi dela ikusi nuen Kuadrilla Egunean. Gainerakoetan, ordea, ez dago emakumerik.
I.I.: Ez. Jainekin, Joselontxos, Iraunkorrak,... Erabat gizonezkoz osatutako taldeak dira. Kontua da, txarangetan metalezko instrumentuak eta perkusiozkoak jotzen direla, oro har. Emakumeek ez badituzte musika tresna horiek jotzen, zailagoa da txarangetan emakumeak ikustea.
Izan daiteke gurpil zoro bat?
M. M.: Bai, nik uste dut hori izan daitekeela arazo nagusia. Emakume batek bonbardinoa jotzen duela ikusi gabe, zaila da neska gazteek erreferenteak izatea eta musika tresna hori jo nahi izatea.
Eta, nola ikusten dituzue belaunaldi berriak?
M. M.: Ni musika irakaslea naiz Tolosatik kanpo, eta nabaria da: gaur egun ez dago halako banaketarik, neskek eta mutilek ikasten dituzten musika tresnen artean. Ikusten ditut neskak tronpeta jotzen eta mutilak flauta jotzen.
Kontrara ere, bada estereotipatze bat.
M. M.: Bai, orain arte hala izan da flauta, pianoa eta antzeko instrumentuekin, baina aldaketarako joera bat ikusten dut.
I.I.: Bai. Aurten, Ostegun Gizenean, Pintxana txarangan neska asko atera ziren tronpeta eta antzekoak jotzen.
M. M.: Poza ematen du neskak metalezko instrumentuak jotzen ikusteak.
I.I.: Bai. Egoera aldatzen ari da, eta urte gutxi barru gehiago aldatuko dela uste dut.
M. M.: Haurrek txarangetan neskak zein mutilak ikusten baldin badituzte, beraiek ere jo nahiko dute; aurrerabide bat ikusten dut.