Indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bateratua aurkeztu du aldundiak, 51 alkateren aurrean

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 19a, 12:12

Proiektua gorpuzte bidean, Tolosa eredu izan da, Usurbil eta Getariarekin batera; Olatz Peon alkateak hitzaldia eskaini du, aldundiak antolaturiko ekitaldian.

Duela zenbait hilabete iragarri bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo bateratua osatu du, indarkeria matxistari aurre egiteko. Atzo bertan aurkeztu zuten proiektua, 51 alkateren eta hainbat zinegotziren aurrean, eta hiru udalerrik beren esperientziak plazaratu zituzten, Tolosa tartean zela.

Markel Olano aldun nagusiak azaldu zuen, "indarkeria matxistaren aurkako erantzun argia, irmoa eta kohesionatua" ematearen ardura dutela eta, bide horretan, "lehen mailako gizarte arazotzat" jo zuen indarkeria matxista.

Miren Elgarresta foru aldundiko Berdintasun Organoko zuzendariak eman zituen protokoloaren inguruko azalpenak eta, Tolosako, Usurbilgo eta Getariako alkateek beren esperientzia hizpide izan zuten. Hain justu, aldundiko protokoloaren jomugetako bat da, udalerri txikiei zerbitzua eskaintzea. Halaber, "fronte komun bat" osatu nahi dute herritarrekin batera eta, horretarako, udalerriez gain, "gizarte eragileak inplikatzea" ere ezinbestekotzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Lurralde osoa hartuko duen lehen protokoloa izango da aurkeztu berri dutela, eta jada gertatutako erasoen gainean jarriko du fokua: erantzunak emateko bideak zehaztuko ditu; indarkeria kasuak gertatzea posible den gune edo egoerak deskribatu; erakundeen arteko koordinazio egoki baterako pausoak eman; eta, azkenik, zehaztuko ditu zeintzuk diren, Gipuzkoako Foru Aldundiak erasoa jasan duen emakumearen eskura jar ditzakeen arreta eta informazio zerbitzuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!