Sei hilabete iraungo dute Gudari kalea eraberritzeko obrek

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 19a, 09:51

Astelehenean ekin zieten lanei, eta bost fasetan banatu dituzte egitekoak; irisgarritasuna hobetzearekin batera, Gudari kaleko merkataritza sustatu nahi du udalak

Nafarroa etorbidea izan zen lehenengo, eta Gudari kalearen txanda da orain. Tolosako Udalak ekin die erdiguneko kale nagusienetako bat eraberritzeko lanei, eta sei hilabetez ariko dira bertan. Berrurbanizatzeko helburuarekin batera, Gudari kalearen izaera komertziala sustatu nahi du udalak, esku-hartzeekin.

Bost fasetan banatuko dituzte lanak, eta astelehenean hasi ziren, Gudari kalearen eta Foruen etorbidearen arteko bidegurutzean; 3 astez ariko dira bertan. Jarraian, Foruen etorbideko eta Samaniego kaleko bidegurutzeen arteko zatian hasiko dira, eta 13 astean ariko dira. Samaniego eta Oria kaleko bidegurutzeen arteko zatian, berriz, 9 astez jardungo dute eta, horrela, azaroan amaituko dute bertan.

Laugarren fasea hartuko du Lizardi poeta plazaren pareko guneko eraberritzeak eta, azkenik, Zumalakarregi eta Laskorain kaleen arteko zatian azaroa eta abendua bitartean eraberrituko dute.

Merkataritzari bultzada

Tolosako Udalak Gudari kaleko merkataritzari bultzada eman nahi dio, kaleko irisgarritasuna hobetzearekin batera. Horretarako, kaleko gaur egungo egoera aztertu dute, eta zirkulazio premiak zerrendatu.

647.633 euroko inbertsioa egingo du udalak eta, besteak beste, espaloi berriak eraikiko dituzte, ia eremu gehienean zabalera mantenduz; Gudari kalea beste kaleekin elkartzen deneko bidegurutzeetan, espaloiak zabalduko dituzte. Horrekin batera, saneamendua eta argiteria berrituko dituzte obran, eta kaleko altzari berriak jartzea ere aurreikusi du udalak, landare apaingarriekin batera.

Behin kalea txukundutakoan, Gune Biziak proiektua Gudari kalea zabaldu nahi dute. Errementari kalean egin bezala, Gudari kalean ere, hutsik dauden lokaletako erakusleihoak eraberritu nahi ditu udalak, lokala alokatu ahal izateko edo, aurrera begira, balizko saltoki izateko.

Gogora ekartzekoa da, uztailean beste lau gunetan ere obretan hasiko dela udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!