Tolosako Sanjoanak 2018

Tradizio paperetan bildutako gozokia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 19a, 07:59

Txanpon beraren aurkia eta ifrentzua dirudite sanjoanek eta inauteriek, baina, egiazki, tolosar festazaleek sekula egin ezingo luketen aukera da, bien artekoa; eta ez da gutxiagorako.

Udako itzalaren eta neguko eguzkiaren artean aukeratzearen parekoa da, tolosarrentzat, inauterien edo sanjoanen artean hautu argi bat egitea. Plazer ebidenteegia bat, eta aitortu gabeko ageriko maiteminen parekoa, bestea.

Akaso, neguko festetatik udakoetarako zubia izan liteke, askorentzat, kaosaren loriatik lerro eta eskema zurrunenetara pasatzea. Baina, inauterizale bezain sanjoanzale direnek badakite, tradiziozko paperetan bildutako gozokiak direla sanjoanak: badituzte nahitaez dastatu beharreko zaporeak.


GAKOAK

0. Mozorrotuta hasten da, udako solstizioa ospatzen. Carpe diem guztien aurka egitea da, hein handi batean, tolosar izatea. Errege bezperako gauak lehen txaranga doinuak hartzen baldin baditu, Asteartita arratsaldeko zezen festa San Joan zortzikoa joz biribiltzen dute herriko txistulariek. Eta, hara hor, haur tolosarrak bizitzaren gazi-gozoa estreinakoz dastatzen duenekoa: amaitzera doaz inauteriak, baina bidean dira sanjoanak.

1. Sanjoanek badute usaina. Eguneko eguzki orduak onenak ematen hasten direnean, eta ez hotz, ez bero egiten duenean. Orduan, egunek badute usain berezi bat. Uda usaina, ikasturte amaiera usaina edo, bestela esanda, San Joan usaina. Ez da konpresa iragarkirik behar usain hori deskribatzeko usain horren eskutik baitoaz, urte osoan barrena errepikatzen ez diren irudiak: herritarrak kalean eskopetekin; txilibituen entsegu doinuak zenbait etxetako leihotatik; txapelen kontsumoaren gorakada. Badatoz.

2. Perkusioaren deabruak hartuta. Solemnitate eta hunkidurarik gabeko festa egun bakarra da, kuadrilla eguna, sanjoanetan. Kaos txiki bat, lagun talde, kolore eta zenbakien arabera antolatuta. Bada, ordea, kuadrilla izaerak bere zentzua galdu, eta tolosarrek beren arratsaldea aske dantza egiteari eskaintzen dioteneko une bat: Mulamboren kalejira. Perkusioaren deabruek hartuta, izango da urte osoko dantza-minutuak bazkalondo bakarrean egiten dituenik.

3. Ipuin batean bezala. Fantasiazko film onenetan ere nahiko lukete, Iraolako zuloa, lokalizazio gisa. Haran txiki bat mendiaren puntan, eta orbela lurra eta zerua apaintzen. Badirudi harizko musika tresnak leku hartantxe jotzeko sortuak izan zirela, eta ez da gutxiagorako: sanjoan bezperetan ezinbesteko hitzordu bilakatu da, jada, Et Incarnatus orkestraren solstizio kontzertua.

4. Txinpartaren aurretik pizten da sua. Inauterietan ez bezala, sanjoanetan egutegiak agintzen die tolosarrei, noiz hunkitu. Izan astelehen, ostegun edo larunbat, ekainaren 23an San Joan usaina erraietaraino sartzen saio festazaleari, bai ala bai. Urte guztirako izpiritu txarrak uxatzeko eguna omen, eta Tolosan txinparta piztu baino lehen pizten zaio sua, sanjoanzaleari: brigadakoak Santa Maria plazan erre beharrekoak prestatzen; dantzariak oholtzan entseatzen; banda zortzikoa joz; itzalitako suaren usaina. Eta kanpaiak, ozen eta magiko.

5. Goizaldetik goizaldera. Batzuk oheratzerako eta gehienak jaikitzeko izaten dira, bordondantzariak lizarrak biltzen hasten direnean. Antzina sinesteen bidetik etxeko atean jarri beharreko hostoek, apaingarri kutsua hartu dute, orain, Tolosan; ezinezkoa da sanjoanetako iruditegia lizar hostorik gabe imajinatzea. Eta ez, bakarrik, goiz eta arratsaldeko ospakizunengatik: lizarren San Joan eguna hurrengo goizaldean amaitzen da, askotan, taberna barruan.

6. Zirrara gaindosia. Sanjoanen bihotzera hainbat modutara bidaiatu daiteke, baina ezinezkoa da ekainaren 24a usaindu eta dastatu gabe,uda hasierako festak ukitzea. Zirrara gaindosia da, Tolosan, ekainaren 24a, eta momentu kuttun bat bestearekin kateatzen da. Herria lizar hostoz, apain, eta eskopetariak, tantaz tanta, konpainiak gorpuzten. Banda diana doinuak joz, zortziko hotsandikoaren errepikekin hasi aurretik. Udalbatzako kideak udaletxe atarian, eta txistulari eta dantzariak bazkaria dirudien hamaiketakoa eginez. Lehen salbeak eta erraldoien baltsa, eliza atarian. Zortzikoetan zortzikoena, goizeko lehena, zarata eta hotsa uztartzen direneko unean. Buruhandiak eskopetariekin dantzan, eguerdian, eta konpainiak ilarak nahasten, solemnitateak izena erabat galtzen duenean. Zinegotzien dantza, azken tiroak, eta festa, festa eta festa, bere gorenean.

7. Zirkulu biziotsua. Ekainaren 24 gauak erronka botatzen die, beste behin, carpe diem guztiei, alarde-erritmo eta zortzikoak isiltzen baitira, txaranga doinuei lekua uzteko. Rondilla kaleak Ostegun Gizen gauaz mozorrotu nahiko balu bezala, eskopetari lapiko batek biribiltzen du sanjoanetako azken argazkia. «Laster inauteriak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!