Aurrera-Tolosa, Berria Txapelketaren finalera

Asier Imaz 2018ko ekainaren 18a

Ekainaren 23an, Hernanin, Iruñeko Oberena elkarteko pilotarien aurka jokatuko dute eskualdekoek.

Azpeitiko Ilunpe kanpoan utzita, Aurrera Tolosa Berria Txapelketako finalean egongo da. Ekainaren 23an jokatuko da elkarteen arteko txapelketaren finala, Hernanin. Eskualdekoen aurkaria Iruñeko Oberena izango da.

Berria Txapelketako finalerdiak asteburuan jokatu ziren. Aurrera Tolosak etxera ekarri zuen kanporaketa, eta ondorioz, hiru partidak Beotibarren jokatu ziren igandean.

Kadeteetan Altuna-Ugartemendiak irabazi zuten kanporaketako lehen puntua, Alberdi II-Elosegi azpeitiarrak 22-15 mendean hartuta. Partida oso gogorra jokatu zuten lau pilotariek. Lan bikaina egin ondoren lortu zuten garaipena Aurrera Tolosakoek.

Jubeniletan kanpokoak nagusitu ziren, partida azkar batean. Lasa-Etxeberriak markagailua hasieratik izan zuten aurka. Amaieran, Egiguren eta Iriartek 22-14 irabazi zien eskualdeko bikoteari.

Nagusien partidara bi elkarteak berdindurik iritsi ziren: puntu banarekin. Beraz, hirugarren partida irabazten zuenak jarraitzen zuen aurrera. Lau pilotari handiren artean jokatu zen finalerako txartela, eta Labaka-Telletxeak 22-18 irabazi zien Alberdi-Murgiondori. Partida benetan gogorra izan zen, eta 15-6 jarri ziren aurretik azpeitiarrak. Albizturkoen erreakzioa orduan etorri zen, markagailua eta partida irauliz.

Garaipen horri esker Aurrera Tolosa finalean egongo da. Beste finalerdian Oberenak Hernaniko Lapke utzi zuen txapelketatik kanpo, 2-1eko emaitzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!