Morez jantzi dira Tolosaldeko Asanblada Feministakoak eta sanjoanak "gure askatasunaz gozatzeko" eta "emakumeoi hainbeste murriztu zaigun hori gureganatzeko" baliatzera dei egin dute.
Jende ugari elkartu da Plaza Zaharrean festei hasiera emateko, eta txalotu dituzte txupinazoa bota dutenek aldarrikatutakoa. Txupinazoaren aurretik eta ondoren, erraldoiak eta buruhandiak ibili dira, haurren gozamenerako.
Jarraian, Tolosaldeko Asanblada Feministako kideek txupinazoa bota aurretik irakurri duten testu osoa:
"Arratsalde on eta mila esker Tolosaldeko Asanblada Feministari txupin hau botatzeko aukera emateagatik!
Gero eta gehiago gara feminismora batu garen herritarrak. Bereziki adierazgarria izan da aurtengo Martxoaren 8ko greba feminista. Tolosan eta Tolosaldean ehunka emakumek planto egin eta gure herriko kaleak hartu genituen indar erakustaldi ederra eta koloretsua eginez.
Gora gu!
Orain gure herriko jaien hasiera morez margotzera gatoz, badugulako zer aldatua eta zer hausnartua festen inguruan ere. Zeren… zure etxean nor arduratuko da jaietako arropa pronto izateaz? Nor arituko da sukaldean eltze artean otorduak prestatzen? Nor? Ikusarazi ditzagun lan horiek ere! Ezinbestekoak direlako, orekaz partekatu behar ditugula aldarrikatu nahi dugu!
Festak ere badira kultura, ohitura, tradizioa eta berrikuntza. Bordondantzariak, eskopetariak... dagoeneko ez dira soilik gizonezkoak herria dantzan eta desfilean jartzen dutenak. Baina galtza zein gona, ez dezala gure hankarteak erabaki bata edo bestea.
Tradizioak asmatuak dira, beraz, apurtu daitezke. Jarrai dezagun urratsak ematen eta tradizio matxistak birpentsatzen eta birsortzen!
Pentsatu al duzu zenbat aldiz errepikatu diozun alabari, emakumezko lagun, bikote edo amari "kontuz ibili" esaldia? Zergatik ez gogorarazi zure seme, gizonezko lagun edo bikotekide eta aitari errespeta dezala eta ez dezala erasorik egin? Nahiko da!
Beraz, baliatu ditzagun sanjoanak ere gure askatasunaz gozatzeko. Emakumeoi hainbeste murriztu zaigun hori gureganatzeko. Eta gizonezkoek balia dezatela ezarri zaien gizon eredu itxi eta bakarra hautsi eta maskulinitate berriak sortzeko.
Festak, kaleak, egunak zein gauak gureak ere badirelako! Eta ez dugulako zuentzat dantza egiten! Gure gorputzek ez dutelako zuen iritzirik jaso nahi! Ez dugu beldurrez bizi nahi, aske bizi baizik!
Gora sanjoanak!
Gora borroka feminista!"