Tolosa CF Gimnastika Erritmikoak gaur agurtuko du ikasturtea Tolosako Usabal kiroldegian. Gimnastek azken hilabeteetan ikasia erakutsiko dute emanaldi berezi batean, 19:00etatik aurrera. Taldetik herritar guztiak gonbidatu dituzte emanaldira.
Ikasturte zaharrari agur esatearekin batera, berrian pentsatzen hasiak dira Tolosa CF taldekoak. 2018-2019an gimnastika egin nahi duten haur eta gazteek izena emateko aukera zabalik dute. Inskripzio orria sarean jarri dute Tolosakoek. Facebook bidez zabaldu dute lotura. Gimnasia Tolosa CF bilatzailean jarriz gero, taldearen orria agertzen da. Bertan dago lotura. 2018-2019 kanpaina izenarekin. Horrez gain, telefono zenbaki bat ere zabaldu dute, zalantza guztiak argitzeko: 682 29 71 12.
Izena ematerako garaian hainbat datu jarri beharko dira inskripzio orrian. Tartean, entrenamendu egunak zehaztu beharko dira. Bi aukeretatik bat hautatu beharko da: entrenamendu egunak astelehen eta asteazkenetan izatea edo astearte eta ostegunetan.
Belabietakoen uda kanpaina
Belabietakoek ere ikasturte amaierako jaialdia izango dute gaur, 17:30ean, Ibarrako kiroldegian. Bertan, Lizartza, Berrobi, Uzturpe, Samaniego, Orixe, Laskorain, Herrikide, Aralar eta UPVko gimnastak ariko dira.
Eguzki handirik ez bada ere, Ibarrako Belabieta Gimnastika Erritmikokoek gimnastikari uda kolorea eman nahi diote uda kanpainarekin. Ekainaren 25ean jarriko dute martxan Ibarrako kiroldegian.
Goizetan, 09:30etik 10:30era, 5-7 urteko haurren taldeak izango du bere saioa. Ondoren, 10:30etik 12:30era, 8 urtetik gorakoen txanda izango da. Neska-mutilei zuzenduta dago Belabietaren udako kanpaina. Gimnasia ariketez gain, pilateseko luzaketak, Dalkrozeko ariketak eta gimnastikan erabiltzen diren instrumentuekin jolasak eta dantzak egingo dituzte. Besteak beste, soka, uztaia, zinta, pilota eta mazak erabiliko dituzte ariketa horietan. Izena emateko 657 71 95 33 zenbakira deitu edo belabieta_ke@yahoo.es -era idatzi behar da.