Tolosako Azokako poltsak ordainpekoak izango dira aurrerantzean

Ataria 2018ko ekainaren 15a

Tolosako Azokarako poltsa degradagarri berriak egin dituzte Tolosako Udalak, Garaikoa Baserritarren Elkarteak eta Tolomendi Landa Garapen Elkarteak, plastikoaren kontsumoa murrizteko helburuarekin.

Tolosako Azokako poltsa degradagarriak amaitu dira, eta horrenbestez, berriak egin dituzte. Beste itxura bat eman diete zorroei, 'Garaikoa. Bertakoa. Gurea!' leloa txertatuz. Bi tamainakoak egin dituzte, ertainak eta handiak.

Baina, hemendik aurrera, plastikozko poltsen erabilera gutxitzea helburu duen 293/2018 dekretuari jarraituz, ordainpekoak izango dira poltsa horiek. 5 zentimoko prezioa izango du poltsa bakoitzak. Telazko poltsa berrerabilgarriak ere aurki daitezke azokan.

Nerea Letamendia, Merkataritza, Feria eta Turismo zinegotziaren esanetan, plastikoen kontsumoa murriztea da helburua: «Jasangarritasunaren alde lan egin nahi dugu, berrerabilpena eta birziklapena sustatuz, eta gure ingurunea babestuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!