Alfonso Etxabarriren 40.000 zigiluak

Mikel Iraola 2018ko eka. 14a, 12:20

Alfonso Etxabarri tolosarrak 60 urtez gordetako ia 40.000 zigiluko bilduma du etxean, baita sanjoanetako jai egitarau ugari ere. Altxorra baino, bere «denborapasa kuttuna» dela dio.

Zortzi urte zituela hasi zen Alfonso Etxabarri (Tolosa, 1929) zigiluak gordetzen. Ez daki zergatik, bere pasio bihurtu zen. Urte batzuk beranduago, ordea, bilduma lagun bati utzi zion, eta ez zen sekula bere eskuetara itzuli: «Haren aita Renfeko langilea zen, lekuz aldatu zuten, eta bildumarekin joan ziren».

Gutxi batzuk baino ez zituen gorde, ezkondu zen arte. 30 urterekin berriro ekin zion bilduma egiteari, eta lan horrekin jarraitu du azken 60 urteotan, ia 40.000 zigilu bildu arte.

«39.692, hain zuzen», dio. Izan ere, dena txukun-txukun antolatzen du Etxabarrik: albumetan gordetzen ditu zigilu guztiak, herrialdeka eta serieka sailkatuz. Ez daki zaharrena noizkoa den.

«Ordu luzeko lana» dela dio: «Distrakzio bat da, eta lan asko duen arren, ez naiz aspertzen. Askok diote erretiroa hartzean aspertu egiten direla. Ni, behintzat, ez».

Etxabarriren bildumako zigilu gehienak senide eta lagunek bidalitakoak edo trukeak eginez eskuratutakoak dira. «Arreba bat moja da Bordelen, eta kongregazioak mundu osoan zehar dituen komentuetako zigiluak jasotzen ditu, gero niri bidaltzeko». Espainiako zigiluak ere hilero bidaltzen dizkiote, bildumagile izateagatik. «Ez dut apenas zigilurik erosi, oso gutxi gastatu izan dut. Noizbait mila zigilu zahar erosi izan ditut, hamar eurogatik. Baina gehiengo osoa handik eta hemendik bildutakoa da».

LEKU ETA MOTA ASKOTAKOAK

Mundu osoko zigiluak ditu Etxabarrik, eta herrialdearen arabera estiloa asko aldatzen dela nabarmentzen du: «Herrialde askok ez diote garrantzirik ematen, baina beste batzuenak ederrak dira. Errusiarenak, esaterako». Lortzen zailenak Liechtensteingoak direla dio, oso gutxi ateratzen dituztelako. «12 bakarrik ditut». Andorrakoak lortzea ere ez da lan makala. Baina handik edo hemendik lortzen ditu Etxabarrik.

Urrezkoak, zilarrezkoak, margotutakoak, Munduko Txapelketetakoak... orotarikoak dira bere zigiluak. Eta badira bereziak diren batzuk ere: Aita Santuen kanonizazioen ostean ateratakoak, kasu: «Denborarekin balio handia hartzen dute, egun gutxi batzuetarako bakarrik ateratzen dituztelako». Neil Armstrong ilargira iritsi zenean argitaratu zuten zigilu berezia ere badu: «Norbaitek nire izenean AEBko gobernura idatzi zuen lorpenagatik zorionduz, eta eskerrak emateko erantzun zuten. Erantzun gutuna niri iritsi zitzaidan, eta zigilu horiek gordeta ditut». Bere kuttunenak, ordea, animalienak dira, «koloretsuenak direlako».

Bera bizi artean bilduma ez duela salduko dio: «Pasioz egiten dut hau, ez dirurik lortzeko. Ni ez nagoenean egin dezatela nahi dutena». Hala ere, ez du ezkutatzen norbaitek jarraitzea nahiko lukeela: «Bilobaren bati harra sartzen saiatu naiz, baina ez dut jarraipenik lortu. Eta horrelako bilduma batek lana eguneratua izatea eskatzen du, lana pilatzen bazaizu segituan aspertzen zara eta».

SANJOANEKO EGITARAUAK

Zigiluena da Alfonso Etxabarriren bildumarik nabarmenena. Baina gordetzen ditu bestelako gauza gehiago ere, sanjoanetako jai egitarauak, adibidez. Tolosako artxiboan ez zeuden batzuk bazituen, eta hara eraman zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!