Aurrera doa Tolosaldeko emakumeen etxea gorpuzteko parte hartze prozesua, eta atzo egin zuten, udaletxean bertan, uda aurreko azken bilera irekia. Bertan, orain arte talde eragileak jorratu, eztabaidatu eta proposatu dituenak aurkeztu zizkieten bertaratutako emakumeei, eta haiek aukera izan zuten, ondoren, taldeka, proposamen horiek xehatu eta iradokizun berriak egiteko.
Emakumeen etxea sortzeko bidean, hiru foro nagusi daude: mahai politiko-teknikoa, talde eragilea eta gune zabala. Hori guztia kudeatzen, Elhuyar-eko adituak ari dira, eta haiek dinamizatu zuten, atzo, udaletxeko hitzordua.
Horrela, zehaztu zuten, talde eragileak duela eduki eta lan karga handiena mamitzeko ardura, eta hiru bilera egin dituztela, momentuz. Talde eragile horretako emakumeen erdiak, 25 eta 45 urte bitartekoak dira, eta %25ak 25 urte edo gutxiago dituzte. Beste ia laurdena, berriz, 46 urtetik gorako emakumeek osatzen dute. Adin banaketa horri azpimarra jarri zioten, Tolosaldeko emakumeen etxearen helburuetako bat baita, esparru, herri eta adin guztietako emakumeen bilgune izatea. Horren harira, azaldu zuten, talde eragileko bi herenak emakume tolosarrak direla, eta heren bat osatzen dutela, eskualdeko emakumeek.
Orain arte egindako bidean, honako ideiak eztabaidatu eta bideratua ditu talde eragileak: zertarako behar den emakumeen etxe bat; norentzako den emakumeen etxea; nolako etxea sortu behar den; zeintzuk izango diren etxeko printzipio gidariak eta, azkenik, zer nolako jarduerak antolatuko dituen etxeak.
Atal horietako bakoitza aletu eta ideia berriz bete zuten, atzo, 60tik gora emakumek. Orain arte egindako bileretan, talde eragileko emakumeen zenbait kezka eta zalantza sortu zaizkie, eta horiek prozesuaren bigarren zatian argituko dizkie, Olatz Peon Tolosako alkateak; ikasturte hasierarekin batera, udazkenean ekingo diote Tolosaldeko emakumeen etxea sortzeko parte hartze prozesuaren azken zatiari.