Tolosako Sanjoanak 2018

«Erakundeen lanarekin bakarrik, mugimendu feministarik gabe, ez ginatekeen hona iritsiko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 14a, 09:52

Kuadrilla Egunak hartuko du sanjoanetako lehen asteburuko hitzordu nagusia, zapi morez jantzita. «Ez da kasualitatea» kolore morea aukeratu izana: 2018a mugarri bilakatuko da, eta ez, bakarrik, martxoaren 8ko grebaren arrakasta olatuagatik. Tolosaldean, urtetako eskaria ukitzear baitira hainbat emakume: eskualdeko emakumeen etxeak piztua du motorra, ez itzaltzeko, eta bide beretik emango diote su, bihar, sanjoanetako suziriari, Tolosaldeko Asanblada Feministako kideek.

Txupinazoa botako duzue.

Eli de Arriba. Harriduraz eta gogotsu hartu dugu berria. Txupinazoarenarekin, ikusi dugu aintzat hartzen gaituztela, eta asanbladak baduela zer esana; aurrera jarraitzeko gogoa dugu eta, espero dugu, udalak gure iritzia eta elkarlana bilatzea.

Eider Olazar Elduaien. Martxoaren 8ko greba feminista oso indartsua izan zen, bai Euskal Herrian, bai Tolosaldean, eta sekulako indar erakustaldia egin genuen kalean. Geroztik, asanbladak indarra hartu du, eta gero eta emakume gehiagok parte hartzen dute bertan. Horregatik, sanjoanek beste mugarri txiki bat marka dezakete, gure ahotsa entzunarazteko, gure aldarrikapenak zabaltzeko eta, aldi berean, ikusarazteko, festen eremuan sekulako lana dagoela. Beharbada, teoriak eta aldarrikapenak oso abstraktu suertatzen dira batzuetan, eta txupinazoko aitzakia aukera bat da, feminismotik herritarrengana gerturatzeko.

Feminismoa erdigunean jartzeko modu bat da?

Tarana Karim. Martxoaren 8ak gauza asko aldatu ditu. Politikariak konturatu dira ezin dutela gaia apalategi batean ezkutatu, eta herritarrei erakutsi nahi diete gaiaren pisua, eta horren atzean dagoen taldea. M8a Euskal Herrian, Espainian eta nazioartean izugarria izan zen, bai, baina hau zerbaiten hasiera bakarrik da.

Pilar Garaialde. Nik uste dut aitortza bat ere badela, emakume feministok gizartean dugun garrantziari. Gauzak eraldatzeko nahitaezkoak gara.

O.A. Egia da jendearen kontzientziak mugitu egin direla eta gaiak presentzia handiagoa duela. Urrutira joan gabe, Kuadrilla Eguneko antolatzaileak gauez etxera laguntzeko brigadak antolatzen ari da, estreinakoz.

E.O.E. Guretzat sekulako aukera da txupinazoa botatzea, eta udalaren jarrera eskertu behar dugu; martxoaren 8ko greban ere, udalak bat egin zuen. Dena den, feminismoaren gaia politikoki zuzen bilakatzearen arriskua ikusten dut eta 2018a, bat-batean, gure urtea izatearena. Garbi utzi behar da, hau urtetako borroka bat izan dela eta izango dela. Erakundeak azken urteotan berdintasunaren alde egiten ari diren lanarekin bakarrik, mugimendu feministarik gabe, ez ginatekeen hona iritsiko. Horregatik, ezinbestekoa izango da erakundeek sakoneko politika feministak martxan jartzea. Ez da nahikoa txupinazo bat botatzeko aukera ematea edo greba batera batzea, hurrengo egunean pankarta guztiak kenduko badizkigute, kendu zizkiguten moduan; ez da batere koherentea.

Eraso asko festa giroan gertatzen dira, eta jaien egitura asko ere ez dira parekide. Zein mezu zabalduko duzue?

Olatz Artola. Alde batetik, mikromatxismoak azaleratu nahi ditugu. Jaiei begira, festak antolatzeko modua, festetan harremantzeko modua, festetan gozatzeko modua nahiz plazera bera fokupean jarri nahi ditugu. Era berean, festak tradizioari lotuta joan ohi dira eta, sanjoanetan, esaterako, eskopetariak edo bordondantza tradiziozko usadioak dira; azaleratu egin nahi dugu horien kutsu matxista.

E.O.E. Oso mezu argia zabaldu nahi du asanbladak. Festa eta parranda giroan gauak berebiziko garrantzia hartzen du eta, beti, neskei, emakumeei, etxeko alabari, amari edo bikoteari, «kontuz ibili» esaten digute. Hori iraultzea eskatu nahi diogu jendeari: beti emakumeei beldurraren mezua zabaldu beharrean, eska diezaietela gizonei, emakumeak errespetuz tratatzeko eta emakumeak ez erasotzeko. Eta gizonezkoek hausnar dezatela sistemak ezarri dien gizon eredu bakar horren inguruan, eta iraul dezatela; sor ditzatela hainbat maskulinitate eredu, festetatik hasita.

Azken hilabeteotan, tamalez, eraso matxista asko salatu behar izan dira. Gertatu ondorengoa salatzearekin batera, prebentzioa hizpide izan zenuten azken elkarretaratzean, autodefentsa feministara deituz.

E.A. Asanblada sortzen ari da eta, lehenengo, gure egiturak indartu eta zehaztu behar ditugu. Baina argi dago zerbait egin behar dugula, gizartea eraldatzeko.

Ana Sanz. Emakumeen etxeko parte hartze prozesuan asanbladako emakume asko ari gara, eta hori ere autodefentsa feminista lantzeko ildo bat izango da, zalantzarik gabe.

O.A. Denok sentitu behar dugu asanbladaren parte eta, talde handi bat izateak, erritmoan eragiten du; oraingoz, garenari forma ematen ari gara.

E.O.E. Dena den, asko egin dugu eta asko egiten ari gara. Autodefentsa feminista ere bai, filosofia bat delako: emakumeok ezinbesteko dugu ahalduntzea, indar handia dugula sinestea eta gure artean antolatzea. Oinarri-oinarrian, esango nuke hori dela autodefentsa feminista, eta hori egiten ari garela jada. Feminista moduan antolatuta aritu naizen azken urteotan, nik ez dut horrelako gunerik ezagutu. Hainbat belaunaldi, jatorri eta sektoretako emakumeok parte hartzen dugu, eta oso aberasgarria da, zenbait gai eta eztabaida azaleratzen ari direlako.

Adibidez?

E.O.E. Hizkuntzaren inguruan eztabaida interesgarria sortu zen lehengoan. Euskara hutsez funtzionatzea eta gaztelera zein neurritan erabiltzea izan genuen hizpide. Oso garbi dugu emakume guztiengana iritsi behar dugula. Baina, aldi berean, ezin dugu ahaztu, herri honetako hizkuntza euskara dela, hizkuntza gutxitua dela, euskaldunok ezin dugula egoera normal batean bizi eta, beraz, ezin dugula gaztelera euskararen maila berean erabili. Horrenbestez, erabaki dugu euskarari beti garrantzi handiagoa ematea, baina gaztelerazko hitz gakoak erabiltzea, jende guztiak uler dezan eta, era berean, euskalduntze prozesu txiki bat has dezagun.

Esku artean duzuen proiektua garrantzitsuenetako bat da, emakumeen etxearena. Asanbladak indartuko du etxea, etxeak asanblada, ala elkar elikatuko dute?

P. G. Parte hartze prozesuan asanbladatik kanpoko jendea ere ari da, baina guk indartuko dugu emakumeen etxeko proiektua. Eta, noski, gu geu ere indartuko gara; elkarrekin doaz bi prozesuak.

Nekane Berriotxoa. Hainbat feministak aspaldidanik egin izan duten eskaera da etxearena, eta duela urtebete ekin genion bideari.

E.O.E. Lorpen moduan hartu behar da prozesua eta, etxe horren beharra feministok ikusten dugunez, gu izango gara etxe horren bermea; guk jantziko dugu edukiz eta guk emango diogu izaera. Talde motorrean sekulako lanketa egiten ari gara, eta bertan hitz egiten eta erabakitzen dugun guztia errespetatzea eta azken muturreraino eramatea besterik ez dugu espero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!