Orain zortzi urteko eskariekin jarraitzen dute bedaiotarrek

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 14a, 08:00
Zumizketa baserriaren azpiko bide zatian, 4,3 kilometroan, errepidea hondoratu egiten da.

Bedaiora doan errepidearen arazoak konpondu ditzatela eskatu dute auzokideek.

Bedaioko auzokideak kexu dira Ugartetik Bedaiora doan GI-3711 errepidearen egoera dela eta. Orain zortzi urte egindako eskari berdinak egiten ari direla diote, eta arazoak lehenagotik datozela ekarri dute gogora. Urte hauetan ez direla arazo horiek konpondu salatu dute, eta sinadura bilketa abian jarri dute, jasotako sinadurak Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaltzeko, erakunde horren ardura baita errepidea.

Hainbat arazo zerrendatu dituzte bedaiotarrek. Larrienetakoa, Zumizketa baserriaren azpiko bide zatiari dagokio, errepidearen 4,3 kilometroan. Bertan harri-lubeta bat egina dago, 2011 baino lehen, baina errepidea hondoratzen jarraitzen duela azaldu dute auzotarrek. «Tarteka adabakiak jartzen dituzte, baina berriro errepidea hondoratu egiten da, eta oso arriskutsua izaten da autoentzako, azpiak bidearen kontra jotzen duelako», esan dute. «Autobusek, adibidez, oso poliki pasa behar dute bertatik, azpiak errepidea jo nahi ez badu». Errepidearen beste zenbait puntutan, egoera ez bada hain larria ere, errepidea hondoratu egiten dela gaineratu dute.

Beste arazoetako bat, Zugaztibarrena etxetik hasi eta sagardotegia izan zen etxera bitarteko errepide zatiari dagokio. «Laua den zatia oinezkoentzako bide nagusia bilakatzen da, batez ere udaran. Jende askorentzako, bai adinekoen gurpildunekin bai umeen aulkien, paseatzeko erabili ahal duten bide bakarra da», zehaztu dute auzotarrek. Errepidearen bazterrak zati batzuetan «oso izorratuta» daudela diote, eta «ezinezkoa da gurpildun aulkiekin kotxeren bat baldin badator, hura saihesteko errepidearen albo batera baztertzea, aulkia iraultzen baita».

Beste arazoetako bat eskoletxea deitzen zaion etxearen ondoko bihurgunea dela azaldu dute. «Autoz beheraka jaistean bihurgunea itxi egiten da eta etxe izkinak ikuspegia murrizten du, eta autoen joera errepidearen bere aldetik ateratzea da, beste aldea hartuz», diote. «Oinezkoentzat oso arriskutsua gertatzen da. Kontuan izan behar da abiadurak egoera okertzen duela eta autoek zati horretan abiadura hartzen dutela». Arazoa konpontzeko «bihurgune arriskutsua» jartzen duen seinalea ipintzea eta abiadura moteltzeko «sakangune txiki» batzuk jartzea eskatzen dute.

Errepidea irristakorra ere jartzen dela aipatu dute beste arazoen artean auzotarrek. Esaterako, 3,5 kilometroan, neguko eguraldi bustiak, erreka ondoko errepidea izateak eta inguruko zuhaitzen hostoek, lurzorua «erabat irristagarria» bihurtzen dutela diote, eta «urtero auto bat baino gehiago gurutzatu» egiten dela «labainkorra dagoelako». Beste puntua 5,2 kilometroan dagoen bihurgunea dela azaldu dute. «Euria egiten duenean, ura errepide azpitik atera egiten da, eta bustita geratzen da. Neguan, izotza egiten duenean errepidea oso arriskutsua egoten da, zabalera osoan egoten baita izoztuta».

Bestalde, errepidearen bazterretako belarra gehiagotan mozteko eskatu dute. «Orokorrean, bide bazterrak belarrez ageri dira. Apiriletik aurrera belarra azkar hazten da, autoek ez dute bereizten errepidearen ertza, eta oinezkoek errepidearen erdialdera jo behar dugu», esan dute. Hori horrela, belar mozketa urtean gutxienez bi aldiz egitea eskatzen dute.

Azkenik, errepidean zehar sortzen diren hainbat zulo eta zola aldaketak konpontzeko ere eskatu dute, eta egun «horrelako ugari» daudela azaldu dute.

BILERA ERAKUNDEEKIN, BIHAR

Arazo horiek guztiak eguneroko bizitzan eragina duela diote auzotarrek. Horrez gain, Bedaion Abaetxe taberna-jatetxera dagoela ekarri dute gogora, eta bertara bisitariak joateko ez duela errepidearen egoerak laguntzen. «Bedaiora etortzen direnak ere kexatzen dira errepideaz», diote auzotarrek, eta, bestalde, txirrindulariei nola eragiten dien azaldu dute: «Txirrindulari ugari etortzen dira kotxearen arriskuak ekiditeko eta beste arrisku handiekin topatzen dira. Azken finean, ez digu bedaiotarrei bakarrik eragiten, hona etortzen diren guztiei eragiten die».

Zortzi urte hauetan hainbatetan Tolosako Udalari galdetu izan diote bedaiotarrek errepidearen arazoen inguruan, eta aldundiari errepidea konpontzeko eskaria egin diote. «Erantzuna izan da eskariak bideratzen dituztela, baina gero arazoek hor jarraitzen dute», azaldu dute auzotarrek. Otsailean izandako hartu-eman batean, udaletik azaldu zitzaien aurten egingo zirela lanak. «Orain gutxi aldundiari zuzenean egindako eskakizun baten ondorioz, maiatzean erantzuna jaso genuen. Bertan esaten zen Bide Azpiegituretako departamentuak aurreikusita duela aipatutako errepide zatiaren konponketa, proiektua egina duela, baina oraindik ez duela epe finkorik obrak hasteko», zehaztu dute bedaiotarrek.

Egoera horren aurrean sinadura bilketekin hastea erabaki zuten auzotarrek. Batetik, change.org Interneteko plataformaren bidez egin dute, eta bestetik, hainbat lekutan jarri dituzte orriak: Bedaioko Abaetxe taberna-jatetxean, Tolosako Txiki Jai bakailao dendan, Alegiako Eroslen eta Usurbilgo Alkartasuna kooperatiban. Auzotarrek eskaria egin diete lagundu nahi duten guztiei sinatzera. Dagoeneko change.org plataforman ia 700 sinadura jaso dituzte.

Hain justu, auzotarrek bilera izango dute bihar Olatz Peon Tolosako alkatearekin eta aldundiko errepideetako zuzendariarekin. Aldundiak Bedaiorako errepidea noiz eta nola konponduko duen zehaztuko diela espero dute auzotarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!