Tic-Tac antzerki taldearen urte osoko lana, taula gainera

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 13a, 16:21
Argazkia: Tolosako Udala

Tolosako Kultur Etxeko Tic-Tac antzerki tailerreko taldeak ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du ostiralean. Federico Garcia Lorcaren 'Yerma' obra antzeztuko dute, Leidor Aretoan, 20:30etik aurrera.

27 laguneko taldea osatu du aurtengo ikasturtean Tic-Tac antzerki tailerrak. Talde anitza oso, Elena Aranbarri zuzendari eta aktorearen hitzetan, gazte nahiz helduek parte hartzen baitute tailerrean: «horrexek egiten du bidaia hau errealago eta aberatsago».

Federico Garcia Lorcaren Yerma antzezlana aukeratu dute aurtengo emankizunerako, eta denboran atzera egingo dute, emakumeek jasaten zuten bazterkeria azaleratzeko asmoz. Aranbarriren esanetan, «ezer gutxi dakigu gure amona eta birramonek zuten bizimoduaz. Haiengana hurbildu nahi izan dugu, gurasoen etxean gelditutako isiltasunera, haien oroitzapena berreskuratzeko, eta bide batez, garai hartako emakumeak eta egungoak zerk lotzen dituen jakiteko».

Lorcaren antzerki honetan emakumeak gainerakoen iritzien gatibu gisa azaltzen dira: «Besteen iritzien menpe azaltzen da emakumea, gaur egun ere arrastaka daramatzagun eta gainditzeko borrokatzen ditugun aitzinako mugen gatibu, alegia. Gizona, berriz, menderatzaile gisa agertzen da. Zentzu horretan, Yermak gizartearen kontra borrokatzen du, baita bere buruaren kontra, askatasuna lortzeko», azaldu du Aranbarrik.

Taldekideek adierazi dutez, «ilusio eta errespetu handiz» landu dute antzezlana. Hori bera nabarmendu du Nuria Carbonell Kultura zinegotziak, taldekideen grina eta gogoa.

Gainera, aurten musika zuzenean izango dute: «Larriz idatzitako antzerkia egin nahi izan dugu, poesia eta edertasuna ardatz hartuz», adierazi dute taldekideek gaurko aurkezpen ekitaldian. Emaitza, ostiralean, 20:30ean Leidor Aretoan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!