«Beti gustuko izan dut gauza berriekin saiatzea»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 13a, 11:02

Bere ibilbideari errepasoa egiteko aukera izan zuen Xabier Anunzibai artistak, Tabakaleran, Bilduma erakusketarekin. Haren lagin txiki bat Tolosan du, orain, GKo galerian, eta ekainaren 24ra bitarte izango da ikusgai. 

Memoriak atzera egiten uzten dionez geroztik, arteari lotu izan dio bere denbora eta, azken urteotan, erabat aritzen da horretan, estudioaren eta kalearen arteko zubiak eraikiz.

Erakusketa zabaldu zenuen, duela zenbait aste, GKo galerian, eta ekainaren 24ra bitarte zabalik da. Erakusketaren aurkezpenak dio, zure azken urteotako ibilbidea bildu duzula bertan. Hala al da?

Bai, hala da. GKo-n dagoen erakusketa aurten egindako beste erakusketa baten jarraipena da. Bilduma izenburupean, Tabakalerako Kutxa Kultur plaza espazioan aurkeztu nuen eta, esan bezala, azken urteotako estudioko hainbat lanen bilduma bat zen. Hura amaitu zenean, Gko-ra eramatea erabaki genuen, bertsio murriztu batean, nolabait; lan aukeraketa bat egin genuen, eta Bilduman ez zeuden beste bi lan ere gehitu genituen.

Gogoan al duzu sorkuntza lanean noiz hasi zinen?

[Barreak] Ez dakit! Txikitatik aritu izan naiz, betiko oroitzapenak ditut. Ez bakarrik marrazten eta margotzen, baizik eta gauzak eraikitzeko-eta beti izan dut afizioa. Urteen poderioz, hori lantzen jarraitu dut, ez dut sekula utzi. Eta, azken urteotan, erabat horretan zentratuta nabil, bai estudioko lanak egiten, bai kaleko horma-irudiak margotzen.

Erakusketa antolatzerakoan, nabaritu duzu zure obra garatu denik?

Bai, asko gainera. Aldaketa handiak ikusten ditut nire lanean, nahiz eta badiren errepikatzen diren joerak. Beti gustuko izan dut gauza berriekin saiatzea, edo ideia berriekin lan egitea eta, bide horretan, nire lana ere aldatu egiten da. Oraintxe bertan, adibidez, hainbat elementuz osatutako konposizioak egiten ari naiz eta, beharbada, urteetan barrena ikasitako gauzak uztartzen ari naiz.

Kalean nahiz estudioan, hainbat material eta formarekin lan egiten dugu. Horietakoren batean aritzen al zara erosoago?

Nola estudioko lana, hala horma-irudien margotzea, biak beharrezko ikusten ditut niretzat. Lan egiteko modua oso desberdina da bietan: estudioko lana kontrolatuagoa izan ohi da beti, eta xehetasunei arreta handiagoa jartzeko aukera eskaintzen du; aldiz, horma-irudietan, lana fisikoagoa bilakatzen da eta, askotan, denbora ere murritzagoa izaten da. Dena den, estudioan ikasitakoa aplika daiteke horma-irudietan, eta baita alderantziz ere. Esan bezala, ordea, bietan lan egiteko modua oso desberdina denez, gustatzen zait bietan aritzea.

Orain baduzu proiektu berririk esku artean?

Bai, pare bat proiektu lotu ditut, hilabete batzuk barru egiteko, eta beste hainbat egitasmo hitzartzen ari naiz. Beti sortzen dira proiektuak, eta batzuetan zain egon behar izaten da, airean dauden egitasmo horiek erabat lotzeko.

Artisten egunerokoa pausoz pausokoa da. 

Nire kabuz proiektu pertsonal asko egiten ditut eta, horietan, nire erritmora joaten naiz. Gero izaten dira mural-margotzeak edo erakusketak, eta zain egon behar izaten da. Baina, bitartean, nik gauzak egiten eta prestatzen jarraitzen dut: ona da beti materiala prest izatea eta norbere lan-jarduna ez etetea. Lotutako ezer ez daukadanean, beraz, nire kabuz aritzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!