«Adi egon beharko dugu behetik datorrenari eusteko»

Asier Imaz 2018ko eka. 13a, 09:33

Anjel Larrañaga Zarautzen entrenatzaile lanetan ibili ondoren, Oriora itzuli da tolosarra; aurrez, arraunlari eta entrenatzailearen laguntzaile lanetan ibilia zen. 

Dakienari entzutea bezalakorik ez dago; eta arrauna, barru-barrutik, Anjel Larrañagak (Tolosa, 1967) ezagutzen du. Kontxako bandera arraunlari bezala irabazi zuen, Oriorekin. Ondoren, arraun entrenatzaile ibili zen, besteak beste, Oriorekin. Eta nola ez, aukera izan duenean, berriro itzuli da Oriora. Oraingo honetan, Jon Salsamendi entrenatzailearen eskutik.

Iaz Zarautzen, aurten Orion. Zer moduzko jauzia izaten ari da?

Gauza guztiak bezala konplexua. Talde guztietan bezala lana egitea tokatzen da. Hasiera gogor eta lotu samarra izan da, baina ilusioarekin eta lanerako prest gaude.

Azkenean zein da Orion zure ardura?

Entrenatzaile bezala nago, Jon Salsamendiren esanetara. Berak Eusko Label Ligako taldea osatuta duen heinean, ni B taldeaz arduratuko naiz, KAE 2 Ligan. Hala eta guztiz ere elkarlanean jarraitzen dugu. Atseden egunetan berari esku bat botatzen diot, eta berak, nire gabezi edo zalantzak argitu eta betetzen ditu.

KAE 2 Liga esan duzu. 

Hori da. Orio B-k iaz maila galdu zuen. Aurten ilusio handiarekin gaude, jende oso gaztearekin ari gara lanean. Ez da erraza azaltzea Orio batean jarraipena zergatik kostatzen den horrenbeste. Lehen taldea oso maila altuan dago, eta ez da erraza jauzi hori ematea. Urte batzuetan gazteak pixka bat hor geratzen dira, pazientzia gutxi daukagulako denok.

Zer moduzko harrobia dago Orion?

Oso polita. Gazte eta jubenil mailan neska-mutil asko daude. Behin seniorretara jauzia ematerakoan, ordea, proiekzio gutxirekin edo justu samar ikusten diren arraunlariek utzi egiten dute. Baina Orion entrenatzen eta lanean jarraitzeko kultura hori oso sartua dago. Horregatik, harrobi oso polita dauka.

Izan ere, arraunak nonbait harrobirik badu, hori Orion izango da. 

Beste elkarteetan ere badago, baina egia da herrian arrauna kirol nagusienetakoa dela. Ikastolatik ateratakoan ume guztiak arraunera joaten dira, edo gutxienez probatzen dute. Zentzu horretan lan asko egiten da.

KAE 2 Ligan, zein da zuen helburua?

Aurrena maila eta gure indarrak neurtu behar ditugu. Talde oso gaztea daukagu. Kanpotik arraunlari batzuk etorri zaizkigu, aurrera begira proba egitekotan direnak. Inor gutxietsi gabe, ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara; ea goreneko txandan egotea lortzen dugun. Eta zorte pixka batekin, ea Oriok KAE 1 Ligan merezi duen tokia berriz bilatzen duen. 

Eta Eusko Label Ligan, zein izango da Orioren helburua?

Betikoa: goren-goreneko maila ematea. Aurten berriro ere kromo aldaketa asko egon dira talde guztietan. Talde indartsuek hor jarraitzen dute, sendo. Behetik datozenak, esate baterako Santurtzi eta Donostiarra, oso gora begira daudela ikusi dugu. Adi egon beharko dugu denok, behetik datorrenari eustea kosta egiten delako. Hor goran egonkortuta dagoenarentzat konplexuagoa izaten da ilusio hori mantentzea. Oriok, ahal dela, hor goran egoten saiatu behar du.

Azken urte luzeetan Urdaibai eta Hondarribia izan dira goran. Orio iritsi da, eta Zierbena bidean dela ematen du. 

Zierbena beti hor dago, baina harrobiko arraunlarien kopuruarekin izan ohi du arazoa. Maila pixka bat jaitsi egiten zaio. Santurtzi eta Donostiarra fitxaketekin oso gogotsu daude. Azkarregi da ezer esateko, baina Kaiku bere bajekin, San Pedro eta San Juan aldaketekin, borrokan egon beharko dutela uste dut. Goiko hirukoa nahiko argi ikusten dut. Besteena ez hain argi. Estropada bakoitzaren baldintzak eta txandak garrantzi handia izango dute, bigarren multzo horretan mugimendu handia egongo delako.

Udazken negu parte horretan, zuretzat zer izan da aipagarriena? 

Kaikun egon den sakabanaketa. Azken urteetan fitxaketak eta fitxaketak egin dituzte eta ez zen erraza hori mantentzea. Hala eta guztiz ere, izenez behintzat, taldea osatzen ari dira. Bestalde, horrenbeste urtez goran daudenak goran jarraitzen dutela ikustea ere aipagarria da. Bai Hondarribia, bai Bermeo, lan izugarria egiten ari dira eta ez dute hutsik egiten. Harrobiaren alde asko eta ondo hitz egiten du horrek. Azkenik, Orio horien tartean egotea oraindik eta esanguratsuagoa iruditzen zait.

Zuk esan duzu: Hondarribia eta Urdaibai beti daude hor. 

Harrobiak ematen dizun sendotasuna da hori. Lan asko egiten ari dira, eta bat edo bestea jarri ez dute aldaketa handirik sumatzen. Aspaldiko partez, Oriok lehiari eustea lortu du aurten bai bateletan, bai trainerillan eta baita aulki mugikorrean ere. Harrobia osasuntsu dagoela erakusten dute adibide guzti hauek.

Denboraldi-aurrea amaitu eta Eusko Label Liga hilaren 24an hasiko da. Lehen lau estropadek argituko dituzte iragarpenak. 

Lehen hiru estropadetan gauza asko nabarmen geratuko dira. Mailari eustera edo ligarengatik borrokatzera zein datorren ikusiko da. Orain arte Zierbena zeresana ematen ari da, baina lehen esan bezala, kopuruen kontuarekin, agian talde hori ezin izango dute atera ligan. Gorabehera txiki horiek ligak berak argituko ditu.

Euskotren Liga ere hor dago. Hasteko, albiste handiekin dator emakumeen traineru denboraldia. 

Gauza asko lortzen ari dira, eta aurrera pausoak beti dira pozgarriak. Kontxan zortzi talde egongo dira aurten, eta sari aldetik ere parean jartzeko pausoak eman dira. Albiste oso pozgarriak dira, eta gero, Tolosaldearen trainerua dago.

Aurreko hamarkadan atera zenuten eskualdetik trainerua. Orain beste sendotasun batekin datorrela ematen du. 

2008an atera genuen lehen aldiz, kolpetik. Bidaiak, entrenamendu lekuak… eragozpenak beti izaten dira handiak. Getaria Tolosaldea izatera pasa zen ondoren, baina eragozpenek hor jarraitu zuten. Ibilbidean atseden bat hartu ondoren, gazte jendearekin berriro aurrera egitea erabaki da. Pazientzia eduki behar da. Ea zortearekin poztasunak ekartzen dituzten eskualdera.

San Juan, Orio… horiek nabarmendu dira denboraldi-aurrean. 

Eta ez dutela huts egingo uste dut. San Juanek ez du ezer aldatu. Oriok jauzi nabarmena egin du. Euskotren Ligan beste bi postuak egongo dira jokoan. Hondarribia goraka dator, eta Donostiako bi taldeak ere txukun ari dira gauzak egiten. Bizkaian ez dago ezer asko, baina ikusi beharko da Galiziatik zer datorren.

Tolosaldeari komeni al zaio lehen maila horretan egotea?

Ona izateko beti onenen tartean egon beharra daukazu. Euskotrenen sartuko balitz, nahiz eta azkar izan, ez litzateke albiste txarra izango; azkena ibili behar baldin badute ere. Pazientzia eduki behar da, eta lana, ahalik eta ondoen egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!