Hamasei talde Urtzi Gurrutxagaren Oroimenezkoan

Asier Imaz 2018ko eka. 11a, 16:35

Alebin mailako futbol txapelketa jokatuko da larunbatean, Berazubin: Urtzi Gurrutxagaren V.  Oroimenezkoa.

09:30etik aurrera ligaxkako partidak jokatuko dira, eta arratsaldean, final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Azken partida hau 18:00ak inguruan hastea espero dute antolakuntzatik. Ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute.  

Tolosa CF-k antolatzen du futbol txapelketa, Urtzi Gurrutxaga kapitainaren omenez. Aurten lau talde berri izango direla iragarri dute: Bergara, Urola, Aretxabaleta eta Beti Kozkor. Horiez gain, azken urteetako hamabiak izango dira lehian: Tolosa CF bi talderekin, Real Sociedad, Ordizia, Martutene, Beasain, Euskalduna, Hondarribia, Lazkao, Athletic, Venta de Baños eta Zarautz.

Talde guztiek Berazubi bertan bazkalduko dute, 16:00etan txapelketaren azken faseari ekin aurretik.   

Gonbidapena

Txapelketaren aurkezpen ekitaldian Tolosa CF-ko Haritz Doyharzabal eta Ruben Garcia egon dira, zuzendaritza eta lehen taldea ordezkatuz. Biek ekainaren 16an Tolosara etorriko diren alebin taldeen maila azpimarratu dute: «Lehia eta egun oso polita izaten da. Urtzi horrela oroitzeak  merezi du. Beraz, guztiak gonbidatzen ditugu larunbatean Berazubira».

Tolosako Udalaren izenean Christian Fernandezek eta Patxi Amantegik hitz egin dute. Venta de Baños talde palentziarraren presentzia bi herrien arteko kirol senidetzean oinarritzen dela esan dute. Herritarrak txapelketara gonbidatzearekin batera, kirolaren balioaz hitz egin dute: «Balore asko lantzen dira taldekako kirolean. Ondorioetako bat atxikimendua da. Taldekide baten galeraren aurrean, elkar hartuta aurrera egitea. Heziketa da hori, askotan aipatzen ez dena eta kirola emaitzak bakarrik ez direla azaltzen duena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!