Jendetza pentsio duinen aldeko manifestazioan

Ataria 2018ko ekainaren 9a

Duintasuna Tolosaldeko Pentsiodunen Elkarteak deituta manifestazio jendetsua egin dute gaur, Tolosan, pentsio duinak aldarrikatzeko. Martxoan hasi ziren mobilizatzen eta ordutik elkarretaratzeak egin dituzte astelehenero, beste hainbat agerraldi eta mobilizazioekin batera. Orain atseden hartzeko unea ere iritsi zaiela esan dute, baina ikasturte berriarekin bueltatuko direla iragarri dute, "indarberrituta eta pentsio duinak eskatzen jarraitzeko".

Jendetsua izan da gaur eguerdian Tolosa gurutzatu duen manifestazioa. Duintasuna Tolosaldeko Pentsiodunen Elkarteak egin zuen deia, baina manifestazioan ez dira pentsiodunak bakarrik egon; gazte ugari gerturatu dira ere eta hainbat elkarte, alderdi politiko, gazte asanblada eta aisialdi talderen atxikimendua ere jaso dute.  Manifestazioa hasteko eta bukatzeko bertsoak bota dituzte eta mobilizazioaren buruan dultzaineroak joan dira, bidea irekiz.

Taldeko Maria Luisa Lizarzak eta Iñaki Elduaienek esan dutenez kontentu daude martxotik hona egin duten ibilbidearekin. "Atsedenaldia hartuko dugu eta iraila edo urrian bueltatuko gara", esan dute. Gaia, dena den, pentsiodunetatik harago doala gogoratu nahi izan dute: "Gizarte osoari eragiten dion gaia da hau eta horregatik egin ditugu harremanak Tolosaldeko hainbat eragilerekin. Asko etorri dira eta oso pozgarria da", esan dute.

Era berean, pentsiodunen artean emakumezkoek kalte bikoitza jasaten dutela nabarmendu dute, 600 eurotik behera kobratzen dutenen %77 emakumezkoak direla gogoratuz. "Oso pozgarria da emakumezko asko bildu garelako gaur hemen", gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!