Hilaren 15ean zabalduko dute kanpoko igerilekua

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 8a, 16:37

Usabal kiroldegia prest da udako kanpainari ekiteko, eta gaur aurkeztu dute ikastaro eskaintza; haurren igerilekuan ur dorre berria ezarri dute.

Urteroko moduan, sanjoanen atarian zabalduko du, Usabal kiroldegiak, kanpoko igerilekua, irailaren 23ra bitarte. Haurrentzako ur dorrea eta txirrista berriak izango dira nobedade nagusi, eta udako kirol eskaintzari jarri nahi izan diote, kanpaina aurkezteko agerraldian.

Izan ere, datorren ekainaren 26an hasiko dira haur ikastaroak. Lehen txanda astebetekoa izango da, eta uztailetik aurrera bi asteko ikastaroetan izena eman ahal izango dute neska-mutilek. Horrela, 17 ikastaro antolatu dituzte gaztetxoentzat, kiroldegiaren eta herriko kirol taldeen artean: igeriketa, dantza, kirol ludoteka, futbola, saskibaloia, eskalada, triatloi kanpusa, jumpfit junior, kfit junior, padel eskola, tenisa, piraguismoa, hipika, pilota, arrauna eta hondartza boleibola .

Helduentzako, berriz, 14 ikastaroko eskaintza osatu dute aurten, eta aquaftinesa, jumpfita, pilatesa, zunba, desafit, k-stretch, body pumpa, cyclinga, tenisa, igeriketa, hondartza boleibola, global traininga, hipopresiboak eta piraguismoa izango dira aukeran.

Asier Martin kiroldegiko kudeatzaileak azpimarratu du, "harrigarria" dela udan zenbat haur eta gaztetxok egiten duten kirola; helduen parte-hartzea, berriz, baxuagoa izan ohi da: "Iaz 1.500 izen-emate inguru izan genituen, guztira, eta gehienak haurrenak izan ziren". Horren harira, gogora ekarri nahi izan du, kirol ludotekako ikasleek bertan bazkaltzeko aukera izaten dutela Bide Goxoren eskutik eta, 09:00etatik 13:00era bitarteko kirol saioaren ondoren, 14:00ak arte gera daitezkeela kiroldegian.

Izen-emateak zabalik dira jada, eta kiroldegian bertan, 943 53 64 00 telefonoan, Facebook orrialdean eta www.usabalkiroldegia.eus atarian dago horretarako aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!