Euskadiko Federazioaren Kopako finala ez jokatzea eskatu du Tolosa CF-k

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 8a, 10:54

Hasiera batean Athletic B-ri eman dio arrazoia federazioak; Tolosa CF-k errekurtsoa sartu du erabakiaren aurka.

Tolosa CF-n denboraldia amaitzear egon daiteke. Euskal Liga hirugarren amaitu zuten urdinek, Euskadiko Federazio Koparako sailkatuz. Finalerdietaraino iritsi dira. Oraindik ikusteko dago finala jokatuko duten edo ez. Bulegoetan hartu beharko da erabaki hori, zelaian kanporaketa 4-0 galdu ostean. Athletic B-ren aurka jokatu ditu finalerdiak Tolosa CF-k. Lehen partida, etxean, 0-3 galdu zuten. Bigarrena, joan den asteburukoa, Lezaman jokatu zen eta bizkaitarrak nagusitu ziren: 1-0. Jokalarien fitxekin, ordea, hanka sartu zuten. Tolosa CF-k salaketa jarri zuen, araudiz kanpoko hamaikakoa argudiatuta. Federazioak atzera bota du salaketa hori. Tolosarrek ez dute etsi, ordea, erabaki horren aurka errekurtsoa jarri baitute. Finala asteburuan jokatzekoa denez, errekurtsoa argitu arte finala bertan behera geratzea eskatu du Tolosa CF-k.

Athletic B-ren hanka sartzea

Partida hasieran taldeko delegatuak jokalari guztien fitxak aurkezten ditu. Hau da, hamaikakoan dauden jokalarienak eta aulkian eseriko direnenak. Asteburuan, Lezaman, Athletic B-ren delegatuari aulkiko jokalari baten fitxa ahaztu zitzaion. Jokalari horrek partidan hamar minutu jokatu zituen ondoren.

Federazioaren araudiaren arabera, hori egiten duen taldeak partida edo kanporaketa galtzen du. Lehen mailan, Errege Kopan, Real Madrili antzeko kasua gertatu zitzaion Cadizen aurka. Partida batean egindako akatsagatik kanporaketa galdu zuten madrildarrek.

Lezamako partida amaitzean eta gertaeraren berri izatean, Tolosa CF-k salaketa aurkeztea erabaki zuen. Euskadiko Federazioak, ordea, Athletic B ez zigortzea erabaki du. Errekurtsoak ez baldin badu aurrera egiten, Euskadiko Federazio Koparen finala jokatuko dute bizkaitarrek, Añorgaren aurka. Azkenean Tolosa CF-ri ematen baldin badiote arrazoia, urdinen denboraldiari oraindik partida bat geratuko litzaioke: Kopako finala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!