Urte amaieran hasiko dira Gernikako Arbolako obrak

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 8a, 16:15

Berrurbanizazioa biribilduko dute lanek, eta atzo aurkeztu zizkieten bizilagunei hiru proiektu aukerak; urte amaieran hastea aurreikusi dute, eta bost hilabetez ariko dira

Alondegia eta lorategiak eraberritu eta gero, Beotibar pilotalekuaren eta anbulatorioaren arteko esparrua berrurbanizatuko du, udalak, Gernikako Arbolako konponketa erabat biribiltzeko. Atzo bertan bizilagunei aurkeztu zizkieten esku-hartzea egiteko hiru aukerak, eta haien ekarpenak jaso eta gero idatziko dute, orain, behin betiko proiektua.

Irisgarritasun arazoei irtenbide bat ematearekin batera, eraberritzearen helburuetako bat izango da, udalaren arabera, eremua genero ikuspegitik seguruago egitea ere. Bide horretan, honakoak dira obrarako hiru aukerak:

1. Anbulatorioarentzat gordetako lau aparkalekuak bakarrik mantentzea, eta zirkulazioaren noranzkoa aldatzea. Kasu horretan, bide horretan sartuko liratekeen ibilgailuak lurpeko aparkalekura sartuko lirateke zuzenean.

2. 14 aparkaleku mantentzea eta zirkulazioaren noranzkoa bere horretan uztea.

3. 16-18 aparkaleku mantentzea eta gaur egungo zirkulazioaren kontrako noranzkoa ezartzea.

Aldaketa nagusia aparkaleku eta zirkulazioarena izango bada ere, eraberritze lanek bidearen zabalera ekarriko dute, eta baita espaloia eta errepidea maila berean jartzea ere, oinezkoak lehenetsiz. Era berean, anbulatorioko eta Fronton kafetegiko arrapalak aldatuko dituzte, irisgarritasuna hobetzeko.

Eremu horretan dagoen zuhaitzaren sustraiak oso hedatuta daudela eta, gune berezi bat sortuko dute inguruan, eta landarez hornituko dute; aldamenean, egurrezko eserlekuak ezarriko dituzte. Azkenik, LED argiteria jarriko dute, eta ur hornidura nahiz kolektorea berrituko dituzte.

Denera, Tolosako Udalak 475.000 euroko inbertsioa egingo du Gernikako Arbolako bigarren fasea martxan jartzeko, eta urteko azken hiruhilekoan ekingo diote lanei; 5 hilabetean amaitzea aurreikusi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!