[GUTUNA] Bedaiorako errepidearen egoera tamalgarria bideratzeko laguntza

Nekane Izagirre. Bedaioko auzokideen izenean 2018ko ekainaren 6a

Bedaiora igotzeko errepidearen egoera salatu dute. ATARIA

100 mila euro, 100 km, 100 lagun, 100 biztanle,... 100 zenbakia, pozgarria edo zorigaiztokoa, erabileraren araberakoa.

100 biztanle eta 15 km horrexek markatzen du Bedaio auzoaren 100 zenbakiaren erabilera eta aberastasuna gaurko gizarte sisteman. Ez omen dago aberastasunik 13,2 km2 (Tolosaren heren bat) hedadura zabala duen inguru naturalean, eta inguru horretan bertako biztanleok zenbaki bat besterik ez gara, 100.

100 bizilagun, 100 ilusio, 100 lagunen eguneroko lana, 100 jolas, 100daka joan-etorri,...

100 biztanle horiek gaur, laguntza eskatzen dugu.

Izan ere sistemaren ate guztiak jo ondoren eta urteetako eskakizunaren ondoren gizarteari zuzentzea besterik ez zaigu geratzen, 100 sinadura, zenbaki ikusezina gertatzen baitzaigu beste behin ere.

Hainbatetan gure artean eta hutsik egin gabe izan diren lagun, mendizale, kirolari, txirrindulari, edo besterik gabe Bedaiora bertaratu edo bertaratu gabe ere denon laguntzarekin gauzak konpondu daitezkeela sinesten duten hainbaten laguntza behar dugu 100 zenbaki ikusezina, zenbaki soil bat baino gehiago bihurtzeko.

Horregatik Bedaioko biztanleriak zuregana jotzen du, Bedaioko bisitari, kirolari, txirrindulari, mendizale, ehiztari eta arrantzale, onddo biltzaile, garraiolari eta autobus gidari, taxilari, anbulantzia gidari... Bedaiora bisitan zatozen eta etorriko zareten guztioi. Errepidearen egoera txarraren berri badakizue, urteak daramagu konpontzeko eskaera egiten. Eskoilera jarri zuten baina mendia behera dator bidearekin batera.

Sinadurak biltzen ari gara Bedaioko Abaetxe jatetxean, Tolosako Txiki Jai bakailao dendan, Alegiako Eroslen eta Usurbilgo Alkartasuna kooperatiban. Bestalde, Interneten change.org plataforman ere sinadurak biltzen ari gara.

Lagundu iezaguzu ahotsa eta egoera zabaltzen.

 

Nekane Izagirre

Bedaioko auzokideen izenean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!