[GUTUNA] Kaleko Eskolako errepresio salaketa

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Gazte Asanblada, Tolosaldeako Ikasle Abertzaleak, Tolosako Neska Taldeaeta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua. 2018ko eka. 5a, 15:01

Idatzi honekin irmoki salatu nahi dugu aurreko ostiral arratsaldean Kale Nagusian kokatzen den Kaleko Eskolan jasan behar izan genuen errepresio erasoa.

Bertan zenbait gazte bilera bat egiten ari ginen, eta atea irekita genuen eguraldi ona egiten zuela eta. Bat-batean, inongo baimenik edo abisurik gabe, bost ertzainez osaturiko patruila bat lokal barrura sartu zen.

Baimenik ba al zuten galdetu, eta beharrik ez zeukatela handikeriaz esan ziguten, beraiek direla autoritatea argi utzi nahian. Lokalaren goiko etxebizitzen kontu batengatik omen zetozen eta guk garbi utzi genien lokalak ez zuela zerikusirik goiko etxebizitzekin. Beraiek, hala eta guztiz ere, bortizkeriaz guztiak identifikatzen hasi ziren. Bitartean, ohikoa duten jarrera txulo eta bortitzaz bertako gazteak umilatzen saiatu ziren, zenbait militanteri buruzko kontu pertsonalak komentatuz, eta edozein erantzun isilaraziz, mehatxu bidez.

Errepresio kasu hau, Euskal Herri guztian zehar gertatzen ari diren beste zenbaiten txapel berean sartzen dugu. Altsasuko kasua, M11-koa, Tolosan bertan bizitako Gazteak Kaleanen ingurukoa, Tolosako Gazte Asanbladaren aurkako erasoak, preso ohiei egindako enbargoak eta beste ehunka kasu, hau guztia ez dela gauza isolatu bat, hauek guztiak, estatu burgesaren adar polizialak eragindako erasoak dira, klase interes batzuk babesteko asmo zuzena dutenak.

Kaleko Eskolako erabiltzaile garen lau eragileok, argi adierazi nahi dugu arazo hau ez dela koiunturala, ez dela nahikoa kolore bateko edo besteko gobernu, polizia edo estatu bat seinalatzearekin. Dominazio sistema kapitalistan, poliziaren papera zehatza da eta beraien jardunaren ardatza honakoa da: langileen egunerokotasuneko esplotazioak oztoporik gabe jarraitu dezan, ordena sozial kapitalista mantentzea, eta hori kolokan jartzeko gai den edozein kolektibori, ahalik eta azkarren hankak moztea, horretarako gehienbat biolentzia eta beldurra erabiliaz. Ez da posible zapalkuntzan eta esplotazioan oinarrituriko sistema ekonomiko bat, zapalduak altxatzea ekiditeko tresna errepresiborik gabe.

Polizia guztiak, legearen bizkartzain diren momentutik, klase burgesaren defendatzaile besterik ez dira, legedia ez delako neutroa eta boterean dauden putre gutxi batzuen mesedeetara baitago. Zaku honetan, funtsean, paper berdina dute ertzainek, munizipalek edo eta guardia zibilek. Bakoitzak bere lan esparrutik bada ere, eta beraien artean funtzioen banaketa bat ematen bada ere, eginkizun berdina gauzatzen duten autoritateak dira.

Bukatzeko, kasu errepresiboak salatzeko mobilizazio guztietara dei egiten zaituztegu, eta gehien bat, inguruko mugimendu sozialetan antolatu eta borrokatzera. Soilik autogestioan oinarritzen diren, botere burgesarekin konfrontatzen duten eta zapalduon interes errealetara egokitzen diren praktikak bermatu dezaketelako honelako egoerak ekiditea. Badakigulako, egoera hauek ekiditeko gaitasuna irabazi beharra dugula eta hau soilik eguneroko lanaz eta borrokaz lortu daiteke.

Funtsean, klase zapaldu bezala, gure bizitza gure kabuz antolatzen hasi beharra daukagu, zapaltzen gaituen sistema konfrontatzeko ahalmena irabaziz.

Indignaziotik antolakuntzara salto egiteko ordua da, etxeko sofatik kalera, esatetik egitera, elkartasunetik konpromisora, eta batez ere, etsaiari amen egitetik etsaiari aurre egitera.

 

Kaleko Eskolako erabiltzaileak: Tolosako Gazte Asanblada, Tolosaldeako Ikasle Abertzaleak, Tolosako Neska Taldeaeta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!