Berazubi eta suhiltzaile-etxeko biribilgunearen arteko irisgarritasuna hobetzeko lanak amaitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 28a, 11:27

Amaitu berri dira otsailean abiatutako Berazubi eta suhiltzaile etxeko biribilgunearen arteko irisgarritasuna hobetzeko azken 2 faseen lanak.

Proiektuaren helburua, oinezkoen bidea hobetzea eta zirkulazioa erraztea izan da, Amarotz eta Berazubi auzoen artean.

2017ko urtarrila eta uztaila artean burutu zen lehen fasea, Berazubiko biribilgunea eta Iurreamendiko egoitzaren sarrera arteko tartea eraberrituz. Bigarrenean, Iurreamendiko egoitzaren sarrera eta suhiltzaile-etxeko errotonda arteko zatian egin zituzten lanak, eta hirugarren eta azken fasean Berazubiko biribilgunearen eskuineko espaloia zabaldu dute.

Martin J. Iraola kaleko beheko aldean, Berazubiko biribilgunearen eta Iurreamendi pasealekuarekiko elkargunearen artean, galtzadaren zabalera murriztu da, 7 metrotik 6ra, lehen fasean egindako eskuineko espaloiaren mesedetan (3,5 metrokoa). Bide-segurtasuna hobetzen ere lagundu du horrek, ibilgailuen abiadura moteldu du eta. Ezkerreko espaloia ere berritu da, eta espaloiaren bukaerako zatian (Kondeaneko aldapa aldera), espaloia bere zabalera guztian egiteko.

Bestalde, hobetu dute Martin. J. Iraola kalearen eta Kondeaneko aldaparen arteko lotura, azken horren malda murriztu eta lotunearen erradioa handitu baita, lotune hori lekuz mugituta.

Eragindako eremu osoan argiteria publikoa berritu du udalak, kaleko luminaria eraginkorrago eta jasangarriagoa jarriz, eta euri-ureen sare berria egin da.

Obra hauen aurrekontu osoa 493,673 eurokoa izan da (BEZa barne): lehenengo fasearena, 370.122 €; bigarren fasearena, 55.439,02 €; hirugarrenarena, 54.560, 27 €; eta Gipuzkoako Urak enpresak egin beharreko obrena, 13.551,10 €.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!