Zapi gorria jantziko dute, larunbatean, Iurre Auzoko bizilagunek

Ataria 2018ko ekainaren 4a

Ekainaren 9an Iurre Auzoko festa eguna ospatuko dute bigarren aldiz. Egun osoko egitaraua antolatu dute auzotarrek.

2016. urtean egin zuten festa, lehenengoz, auzoaren 25. urteurrenaren harira. Xabier Balerdi auzotarraren hitzetan, «erabat arrakastatsua» izan zen, eta bi urteren ondoren errepikatzea erabaki dute.

Bereziki bi ekitaldi nabarmendu dituzte antolatzaileek, eta horretarako laguntza eta parte hartzea eskatu dute: bata, eguerdiko pintxo-potea. Horretarako, auzotarrei tortillak eramateko eskatu diete, baita izotz pixka bat ere.

Eguneko hitzordu nagusiena auzo bazkaria izango da. Txartelak salgai daude, 20 euroko prezioan helduentzat, eta 10 eurokoan haurrentzat. Iurre, Oskarbi eta Eroski tabernetan, eta Saizar eta Arantza kafetegietan eskuratu ahal izango dira txartelak.

09:00 Diana auzoko musikariek osatutako txarangaren eskutik.

11:00 Haurrentzako jolasak eta txapelketen hasiera (3x3, toka, futbola).

12:00 Pintxo-potea, auzotarren tortilekin.

14:30 Auzo bazkaria.

18:00 Karaokea.

19:00 Txanpi dastaketa, Faki-ren eskutik.

21:00 Afaria norberak eramandakoarekin.

23:00-02:30 Udako guatekea, Kanu eta Josetxo Guiu-ren eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!