Bizikidetza elkarrekin eraikitzen hitzaldi zikloan bigarren hitzordua izan zen, joan den ostegunean. Tolosako udalbatzako alderdi politiko guztiek elkarlanean antolaturiko egitarauak, gatazkaren hari-muturrei heldu nahi izan die eta, biktimen testigantzekin zikloa zabaldu eta gero, presoen egoerari eta egungo legediari heldu zioten ostegunean. Horretarako, Amaia Izko eta Rafa Sainz de Rozas legelariek salbuespen lege, salbuespen neurri eta datu zehatzak izan zituzten hizpide, Garbiñe Ubedak moderatuta.
Zuzenbide penaleko oinarrizko zenbait kontzepturi helduz, Rafa Sainz de Rozas irakasleak zigorren gainean jarri zuen fokua: «Zigorrek proportzionalak izan behar dute, zigortuak egin duen kaltearekin». Horrela, bere ustez zigorra «prebentziorako edo bergizarteratzeko» erabili behar da, «eta ez mendekurako»: «Gainera, zigorra nola egikaritzen den ere ikusi behar da».
Hari horri tira zion, gero, Amaia Izko abokatuak, eta 7/2003 legeaz aritu zen, berau salbuespen legetzat joz. Izkoren ustez, salbuespen zuzenbideak bi ardatz nagusi ditu: «Batetik, zigorren betetzearen ikuspegi humanista erabat baztertzen du eta, bestetik, zigorra eragin politiko baten bila ezartzen da, xantaia egiteko».
Izan ere, «salbuespen zuzenbidea egoera jakin batera egokitutako zuzenbide penala da», Sainz de Rozasen ustez. Berak hiru ezaugarrirekin deskribatu zuen salbuespenezko marko hori. Zigortzen diren ekintzak edo jarduerak zabaldu egiten direla azaldu zuen, eta adibidetzat jarri zuen, «pentsaerak edo goraipatzeak zigortzea». Era berean, salbuespen egoeretan, «eragindako kaltea baino askoz ere handiagoak diren zigorrak» ezartzen direla azaldu zuen irakasleak: «Sara Majarenasena da adibide garbienetako bat; 13 urteko zigorra osorik bete du espetxean». Hirugarrenik, ohartarazi zuen, salbuespen egoeretan gutxitu egiten direla berme prozesalak, pertsona batek leporatutakoa egin duen ala ez erabakitzerakoan; Egin eta Euskaldunon Egunkaria auziak, kasu.
«ETSAIAREN ZUZENBIDEA»
Udaletxeko pleno aretoko saioan, bi hizlariak bat etorri ziren, salbuespen zuzenbidea «etsaiaren zuzenbide penaltzat» jotzerakoan.
Bide horretan, 7/2003 legeaz gain, «salbuespen neurriak» ere badirela azpimarratu zuen Amaia Izkok: «Berez legeak ezartzen ez dituen neurriak dira, eta baldintza baten atzetik beste baldintza bat ezartzea ahalbidetzen dute, presoak askatasunera edo beren egoera hobetzera iritsi ez daitezen». Izkok euskal presoei ezarritako zenbait salbuespen neurri baliatu zituen, adibidetzat: «Sakabanaketa; ordezkari politikoek ingeniaritza juridikotzat dutena Parot doktrina, adibidez; isolamendua edo lehen graduaren erabilera».
Bigarren graduan egotea da ohikoena, preso arrunten kasuan, eta «oso kasu edo egoera berezietan» bakarrik ezartzen diete lehen gradua. Ordea, Izkok eta Sainz de Rozasek azaldu zuten, euskal presoen kasuan «araua» zela, zigorra lehen graduan bete behar izatea: «Euskal presoen %95 lehen graduan daude, eta ez dute modurik bigarren gradura edo hirugarrenera pasatzeko».
20 ORDU NORBERE BURUAREKIN
24 orduetatik 20 ziegan pasatzea dakar lehen graduan egoteak; presoek lau ordu izaten dituzte, patioan egoteko edo beren moduluko jardueretan aritzeko. Halaber, komunikazio bideetan esku hartzen du espetxeak, Izkok azaldu zuenez: «Preso arrunten bizitza ez da batere erraza, baina euskal presoak oso markatuta daude. Lehen gradura ohitu egin gara, baina oso gogorra da».
Rafa Sainz de Rozasen ustez, «logika oso bat» dago zuzenbide horren atzean, eta «zuzenbide penitentziario normal baten haria apurtzen du». Hiru faktore nabarmendu zituen, baieztapena argudiatzeko: «Mendekua dago eta, adibidez, botere handiegia eskaini diete zenbait biktima elkarteri, politika kriminala bultzatuz. Punitibismoa ere badago, eta badirudi zigorra munduko gaitz guztien sendagaia dela. Azkenik, ikur balioa hartu du zigorrak: zenbat eta handiagoa zigorra, orduan eta babes handiagoa gizartearentzat».
Duela zenbait urte presoek beren baldintzak pixkana hobetzeko aukera zuten bezala, gaur egun «bakoiztapen zientifikoa» baliatzen dute, «pertsona horrek askatasuna nola erabiliko lukeen aztertuz», Sainz de Rozasen arabera. Eta dio, arrazoibide horrek daramatzala, euskal preso guztiak, lehen gradura: «Preso bati bigarren edo hirugarren gradua emateak, erakusten du bere portaera hobetu dela eta bergizarteratu daitekeela. Aldiz, preso bera lehen graduan mantentzeak, erakus dezake preso hori oraindik etakidea dela».
«Salbuespen legeak eta salbuespen neurriek, presoak modu kolektiboan eta pertsonalean apurtzea dute helburu», Izkoren ustez. Horrela, bai berak, bai Sain de Rozasek, azken hilabeteotan Frantzian gertatutako aldaketen haritik tiratzea jo zuten, egoera aldatzeko giltzatzat.
ZENBAKIAK
Frantzia. Sakabanaketa bideratzen hasita, emakumeen kasuan izan ezik: ez dago emakumeen espetxerik, Euskal Herritik gertu. Espainia. 225 preso 42 kartzelatan; 3 Euskal Herrian. %70 600-1.100 kilometrora, eta %9 400 kilometrora edo gertuago.
Gurasoak. %98 60 urtetik gorakoak.
Seme-alabak. Gaur egun, 114 haur, errutinaz bidaian. %49, ETAk jardun armatua utzi eta gero jaio ziren. Aurrez aurreko bisitetara bakarrik joaten dira, eta hilean behin ikusten dituzte gurasoak. 19 urte espetxean daramatzan preso batek, 15 alditan ikusi ahal izan du semea edo alaba.
Isolamendua. Castellonen, Sevillan eta Huelvan, moduluetan.
Emakumeak. Preso gutxiago daude, eta sakabanatuago. Abokatuek sostengurik ezaz ohartarazten dute, eta Amaia Izkok dio, emakumeei nahita eragindako egoera bat dela aipaturikoa.
Gaixotasunak. Gero eta buruko gaixotasun gehiago daude. Urte gutxian, 10 gaixotik 20ra igo da zenbakia.